Hemeretzi izango dira 43. Euskal Zine Bileran lehiatuko diren laburrak, iaz bezala, kategoria profesionala eta amateurra bereizi gabe. Tartean dira Ander Iriarteren Emarri, Ekain Albiteren Haizearen egia eta Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos proiektu interesgarriak. Hilaren 23an, 24an, 25ean eta 26an egingo dituzte emanaldiak online, eta 29an palmaresaren proiekzioa.

Azaroaren 21etik 28ra luzatuko da aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdia, eta joan zen astean aurreratu bezala, inoizko ediziorik bereziena izango da, saio guztiak online jarraitzeko aukera eskainiko baitute antolatzaileek. Hala, Imanol Rayoren Hil kanpaiak filmak inauguratuko du egitaraua, hilaren 21ean, 19:00etan, eta Eneko Sagardoy aktorea elkarrizketatuko dute saio berean.

Azaroaren 23tik 26ra, bestetik, lehiaketa nagusiko film laburren emanaldiak egin dituzte, lau saiotan banatuta, eta ondorengo 19 proiektuak izango dira ikusgai:

Azaroaren 23an, 19:30ean:

  • Ura sartu zen barrura, Peru Galbete (15 minutu)
  • IXA: Prosopon, Egoitz Diaz eta Unai Portilla (18 minutu)
  • Nire eguneroko maitea, Ximun Fuchs, Manex Fuchs eta Eñaut Castagnet (18 minutu)
  • Bigarren Sexua(z), collagea, Nora Alberdi (15 minutu)

Azaroaren 24an, 19:30ean:

  • Emarri, Ander Iriarte (12 minutu)
  • Quebrantos, Maria Elorza eta Koldo Almandoz (8 minutu)
  • Haizearen egia, Ekain Albite (22 minutu)
  • Dar-Dar, Paul Urkijo (10 minutu)
  • Iqhara, Leire Icaran (3 minutu)

Azaroaren 25ean, 19:30ean:

  • Zubiye, Iñigo Jimenez (11 minutu)
  • Ehiza, Bego Vicario (5 minutu)
  • Ikusmugak, Maider Oleaga (12 minutu)
  • Nigandik, Imanol Gonzalez (15 minutu)
  • Poesia fikzioa da, Iñigo Kintana (3 minutu)

Azaroaren 26an, 19:30ean:

  • Gorria, Maddi Barber (22 minutu)
  • Konfinamendua, Josu Eizagirre (5 minutu)
  • Irten barrura, Aitor Mendilibar eta Ibon Goiko (12 minutu)
  • Oreka, Oier Gil (3 minutu)
  • Maite, Xabier Larrazabal (15 minutu)

Proposamen guztien artean zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak banatuko ditu Erika Olaizolak, Aitor Oñederrak eta Mikel Ruedak osatutako epaimahaiak, eta ikusleek ere boza emateko aukera izango dute, ikusleen sari bereziaren irabazlea aukeratzeko. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an egingo dute, 19:30ean, eta hurrengo egunean, hilak 29, igandea, palmaresaren proiekzioa izango da 19:00etan.