Azaroaren 21etik 29ra egingo dute aurten Euskal Zine Bilera jaialdia Lekeition, eta pandemiaren eraginez, baina baita 2016an abiatu zuten plan estrategikoari jarraiki ere, online izaera hartuko du ekimenak. Hiru atal nagusi izango ditu, SORTU, PARTEKATU eta SARETU, eta ohiko Kameratoia film laburren rallyaz edo Benito Ansola sariaz gain, Pantaila Zuria ala Atzo8 bezalako proposamen berriak ere izango ditu.

Azaroaren 17an, asteartea, egingo dute Euskal Zine Bilera jaialdiaren aurkezpena, eta festibala bera bezalaxe, lehen agerraldia ere online izango da. 11.00etan Ana Goitiak eta Aitor Abaroak azalduko dituzte 43. edizioaren xehetasunak, eta kazetari zein zinezaleen galderei erantzungo diete antolatzaileek. Horretarako, zalantzak bidaltzeko galdetegia aktibatu dute, eta epea azaroaren 17an, 10:00etan, amaituko da.

Jaialdia bera, ostera, azaroaren 21ean, larunbata, hasiko da, eta lepo betetako zinema aretoaren ordez, ikus-entzuleen ordenagailu, mugikor zein tabletak izango dira protagonista. Hala, sekula baino errazagoa izango da euskara hutsean egiten den Euskal Herriko zinema jaialdi zaharrena bertatik bertara sentitu eta jarraitzea, festibalaren atarian saioak streaming bidez jarraitzeko modua izango baita.

Berrikuntzak

Jaialdiaren eboluzioa nabarmena izan da azken urteetan, 2016an diseinatutako plan estrategikoaren bidez hamaika aldaketa egin baitituzte ekitaldi berrienetan, eta prozesu horren baitan, jarduerak hiru atal nagusitan banatu dituzte:

SORTU atala. Esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenen atala da, eta nagusiki hiru izango dira beronen baitako ekintzak. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean prestatutako Kameratoia film laburren rallya (agortua da izena emateko epea). Bestetik, Benito Ansola saria; iazkoan Oier Fuentes zinemagileak jaso zuen beka, eta Emisio etena proiektua aurrera eramateko izan dituen zailtasunak kontatuko ditu Working Progress saioan. Eta azkenik, Hazparneko Zinegin festibalarekin garatutako Zoom egitasmoa.

PARTEKATU atala. Zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko espazioa da, eta film laburren lehiaketa nagusia (laster ezagutaraziko dituzte proiektuak) eta Euskal Zinemaren Begirada izeneko omenaldia barne hartuko ditu. Lehian ariko diren 19 lanen artean saridunak aukeratzeaz arduratuko dira aurten Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinemagileak. Euskal zinemagintzaren alorreko omendua ezagutzeko, ostera, pixka bat itxaron beharko da.

SARETU atala. Hirugarren atala honetan ikus-entzunezko sektorearen parte-hartzea izango da nagusi, eta hala, (H)emen elkarteak urtero antolatzen duen solasaldiaz gain, bi jarduera berri egingo dituzte: ikus-entzunezko beste jaialdiak hurbiltzeko balioko duen Pantaila Zuria (aurtengo gonbidatua Zinegoak izango da), eta Euskadiko Filmategiaren bidez iraganeko soinu eta irudiak orainaldira ekarriko dituen Atzo8 atala.

Eragileen babesa

Jaialdiaren antolatzaileen xede nagusia zabalkundea izan den honetan, hamaika eragileren babesa izan dute, hala nola, EiTBrena, Zinegin eta Zinegoak jaialdiena, Hemen elkartearena, Elias Querejeta Zine Eskolarena, Zine-Lab zinema laborategiarena eta Euskadiko Filmategiarena. Guztien helburua kultura indartzea eta ekimenen arteko zubiak sortzea izan da, eta emaitza benetan positiboa izango delakoan daude.

Honenbestez, aurten ez dago aitzakiarik: konektatu zaitez Euskal Zine Bilerara, eta gozatu euskal zinemagintzaren sektoreak eskaintzen dituen alor guztiekin!