Naïs Graziani-ren At Night, Ryan Renshaw zuzendaria (Bubblegum lanagatik) eta Hugo Le Gourrierec-en Pipo & Blind Love izan dira V. Zinetika jaialdiko garaileak, film onenaren eta zuzendari onenaren kategorietan, eta aipamen berezia modura, hurrenez hurren. Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute, osasun krisiaren gainetik, ekitaldiak harrera beroa izan duelako.

Iruñea, Bilbo eta Donostia hartzen dituen ZINETIKA diziplinarteko jaialdiaren V. edizioa iragan azaroaren 1ean amaitu zen, eta osasun krisiak eraginda, aretoen edukierak murriztu, ordutegiak aurreratu eta saio birtualen aldeko apustua egin behar izan zuten antolatzaileek. Zailtasunen gainetik, baina, areto, tailer eta masterclasseak bete egin direla azpimarratu dute, eta programazio anitz bezain interesgarriari emandako erantzunak kulturaren aldeko apustua inoiz baino funtsezkoagoa dela agerian utzi du.

Sariei dagokienez, hiru izan dira Sail Ofizialean aurkeztu dituzten eta hiru hirietan eman dituzten lanen artean, jaialdiak nabarmendutakoak:

  • Film onenaren 500 euroko saria Naïs Graziani frantziarraren At Night 7 minutuko laburrak jaso du.
  • Zuzendari onenaren 500 euroko garaikurra, ordea, Ryan Renshaw zinemagile australiarrarentzat izan da, Bubblegum lanagatik.
  • Eta epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Hugo Le Gourrierec zinemagilearen Pipo & Blind Love 16 minutuko film frantziarrari.

Dantza eta harekin lotutako diziplina artistikoak herritarrenagana hurbiltzea du helburu jaialdiak, ikus-entzunezkoak, gorputzaren mugimendua eta teknologia uztartuz, eta horretarako Baluarte, BilbaoArte eta Tabakalera egoitzen instalakuntzak eta baliabideak izan dituzte eskura ekitaldi berezi honetan. Haiekin batera, Dantzagunearen, Nicdoren, Festival LABO XL2ren eta Kresala Zineklubaren laguntza eta babesa eskertu nahi izan dituzte antolatzaileek.