Bilboko Zinegoak – Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen 17. Jaialdiko filmen lagin bat izango da ikusgai Donostian azaroan, ZINEGOAK HEDAPENA programari esker. Azaroaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte saioak.
“Badakigu jaialdiaren ardatza Bilbon dagoela, eta gainera, urtetik urtera handiagoa da jaialdiak duen harrera. Baina ekimena ahalik eta herri gehienetara iristea nahi genuenez, hedapenaren lana indartzea erabaki dugu”, adierazi zuen Pau Guillen ekitaldiaren zuzendariak iragan abenduan, jaialdiak euskal geografia osoan hedapen handiena izan zezan ahalegin berezia egingo zutela iragarri zuenean.
Bada, helburu zehatz batekin aurkeztu zuten urte hasieran ZG Hedapena: jaialdian ikusgai izan diren lanak udalerrietara zabaltzea, oro har herrientzat zaila baita mota horretako edukiak eskuratzea. Izan ere, gero eta ohikoagoa da LGTBI+ edukiak edo pertsonaiak dituzten pelikulak zinema komertzialetara heltzea, baina ez da gauza bera gertatzen film labur eta dokumentalekin. Horrez gain, aniztasunarekin eta kulturarekin lotutako jarduera bat eskaintzea litzateke bigarren helburua, Zinegoak jaialdiko hautaketak eskaintzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz.
Martxo eta apirilean jaialdia herriz herri mugitzen hasteko asmoa zuten, baina pandemiak beren asmoa bertan behera uztera behartu zituen. Hilabete batzuen bueltan, osasun egoera eta irizpide berrietara egokitu, eta hainbat udalerritan berratu dute Zinegoak Hedapena egitasmoa.
Horietako bat izango da Donostia. EHGAM, GEHITU, ZINEGOAK eta DONOSTIA KULTURA eragileen elkarlanaren fruitu, hamabigarrenez aurkeztuko dute Antzoki Zaharrean Bilbon egiten den sariketaren lagina. Hilaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte saioak, datorren astelehen, astearte eta asteazkenean, hain zuzen.
Ondorengoa duzue egunez eguneko programazioa:
Azaroak 16 | Film laburrak
- Mi pequeño gran samurái (Arantza Ibarra, 2020)
- Cocodrilo (Jorge Yúdice, 2019).
- Ad Lib (Leire Acha, Sara Nikte Berrozpe, Eurie Cierbide, Beñat Etxaburu, Arantzazu Martínez, Cristina Vaquero eta Irene Velasco, 2018).
- Jess (Agnes Koleman, 2019). .
- Rani (2018). Hammad Rizvi. Pakistan-AEB. 14 min
- La Mariachi (Adán Ruiz, 2018).
- XY (Anna Karín Lárusdóttir, 2019).
Azaroak 17
- Let There Be Light / Nech je svetlo (Marko Škop, 2019).
Azaroak 18
- Margen de error (Liliana Paolinelli, 2019).