Zailtasun eta muga guztien gainetik, gaur abiatuko dute ZINEBI- Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 62. edizioa. Berritasun gisa iragarri dute formatu hibridoan, partez presentziala eta partez digitala, egingo dutela eta, halaber, film guztiek izango dituztela euskarazko azpitituluak.

Sail Ofizialean lehiatuko diren 7 euskal filmen egileak, jendaurreko agerraldian. (Argazkia: ZINEBI)
Bilboko Udalaren ikuskaritzapean, programazioa egokitu eta segurtasun-protokoloa indartu dituzte 62. edizioa segurua izan dadin. Hala, ZINEBIKO arduradunek aurrez aurreko saio guztiak berrantolatu dituzte, guztiak iluntzeko bederatziak baino lehen amaitu daitezen. Gainera, bertaratzen diren pertsonentzako segurtasun- eta higiene-neurriak bermatuko dituztela adierazi dute: edukiera %50era mugatzea; saio batetik bestera gutxienez 30 minutu gordetzea espazio bakoitza garbitu eta desinfektatzeko; ikusleen arteko segurtasun-tartea gordertzea; maskararen nahitaezko erabilera eskatzea eta gel hidroalkoholikoa eskura jartzea.
Bestalde, azaldu dute gonbidatuen, profesionalen, erakundearen eta publikoaren osasunerako arriskuak ahalik eta gehien murrizteko, bertan behera utzi dituztela Euskaditik kanpoko profesionalentzako gonbidapenak. Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendariren hitzetan “titanikoa” izan da jaialdia aurrera ateratzeko egin behar izan duten esfortzua. “Merezi du. Inoiz baino gogorrago egin dugu lan, zinemagileek inoiz baino gehiago behar izan gaituztelako”, adierazi du.
Hala, 122 film emango dituzte guztira, horietatik 29 Euskal Herrikoak. Lehiaketatik kanpoko Bertoko Begirada izeneko sailean emango dituzte gehienak (22), eta Sail Ofizialean lehiatuko dira gainerakoak (7). Hain zuzen, azken hauen proiekzio ekitaldiarekin zabalduko dute gaur festibala, 18:30etik aurrera, Arriaga Antzokian. Ondorengo lanek osatuko dute zazpikotea: Hauazkena kolektiboak Rafael Ruiz Balerdi artistaren animazio lana abiapuntu hartuz sortutako Ehiza (2020) animazio filma; Mamaddi Juanarenaren Amerikako bidaia oroitzen duen Zerua blu (Lur Olaizola, 2020) film dokumentala; Estibaliz Urresolaren Polvo Somos (2020) fikziozko lana, familia harremanei buruzkoa; Alberto Vazquez marrazkilariaren ohiko mundu iluna biltzen duen Homeless Home (2020) animaziozko lan laburra; Maria Elorza eta Koldo Almandozek zuzendutako Quebrantos (2020) dokumentala; Xabier Larrazabalek zuzendutako Maite (2020) fikziozko film labur surrealista; eta Hemen gaur berriz (2020) dokumentala, Aitor Gametxok zuzendutakoa.
Aztertu hemen egunez eguneko egitaraua.