Atzo, azaroak 12, egin zuten FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren sari-banaketa ekitaldia Azkuna Zentroko Auditorioan, eta XXVI. edizioko epaimahaiak Rob Savage zinemagilearen Host lanari eman zion film luze onenaren garaikurra. Horrez, gain, beste bederatzi sari banatu zituzten, tartean, euskal film onenaren saria, Imanol Ortizen MODA lanarentzat.

Fantasiaren eta izuaren astea igaro berri da Bilbon, eta ohi baino ekitaldi bereziagoa izan den honek proposamen interesgarri ugari ekarri ditu Bizkaiko hiriburura. Ikusle askok etxetik jarraitu dituzte emanaldi eta aurkezpenak, pantailaren bidez gainerako ikusleekin konektatuta, eta epaimahai nagusiak zein Panorama saileko epaimahaiak emandako sariez gain, publikoa ere arduratu da bere erabakia aditzera emateaz.

Epaimahai nagusia Paul Urkijo Alijo zinemagileak, Benja de la Rosa zuzendari eta aktoreak, eta Mafalda González Alegre Atresmediako kazetariak osatu dute, eta ondorengo hiru sariak banatu dituzte:

  • FANT2020 film luze onenaren saria Rob Savagen Host proposamenarentzat. Zoom bidez ouija-saio bat egiten duten lagun taldea du protagonista, eta epaimahaiak filmaren gaurkotasuna eta freskotasuna azpimarratu ditu.
  • Film labur onenaren saria N’cee Van Heerderen O.I filmarentzat.
  • Euskal film labur onenaren saria Imanol Ortizen MODA lanarentzat.  

Ikusleek, esan bezala, beren lan gustukoenak aukeratu dituzte film luze zein laburren kategorietan, eta Miguel Llansóren Jesus Shows You The Way To The Highway eta Suso Imbernónek eta Juanjo Moscardó Riusek zuzendutako Maldita nabarmendu dituzte, hurrenez hurren.

Euskal Gidoigileen Elkarteak, bere aldetik, Sail Ofizialean lehiatu diren filmen artean gidoi onenaren saria banatu du, eta kasu honetan, Joost Van Heziken Boy Meets Gun lana suertatu da garaile. FAS zineklubaren zuzendari berritzaile onenaren garaikurrak, aldiz, bat egin du ikusleen iritziarekin, Miguel Llansóren Jesus Shows You The Way To The Highway lanari bigarren errekonozimendua egin baitiote.

Panorama sailean, bestetik, Alberto Abuin zinema kritikaria, Bego del Teso kazetaria eta Gorka Aguirre makillaje efektuetan aditua izan dira epaimahaiko kideak, eta Iñaki Sanchez Arrietaren ZERO, film luzeen atalean, eta David Muñozen eta Adrian Cardonaren La última navidad de universo, film laburrenean, saritu dituzte.

Galder Gaztelu-Urrutia zinema zuzendariak, azkenik, jaso du aurtengo Fantrobia saria, bere ibilbide profesional osoa, eta nagusiki, iaz estreinatu zuen El hoyo bortitzagatik.