Heriotzaren aurrean igaro beharreko dolua du aztergai Iñaki Peña sendagileak Aulki Hutsak, S(U/A)minetik bakera eta abenduan BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian estreinatuko duen Mendian hil, hirian hil dokumentalekin osatutako trilogian. Arteman ekoizpen etxea izan du alboan 2013an abiatu zuen ibilbidean, tartean, Eider Ballina muntatzailea, eta haien eskutik egin du jauzia ikus-entzunezkoen kontsumitzaileen bandotik sortzaileenera.

Covid19-a hurbiletik bizi izan du ospitalean, baina itxialdiko egun luzeek ‘Mendian hil, hirian hil’ proiektuari forma emateko balio izan zioten. Uda eta udazkeneko lehen egunak erabili zituzten grabaketak egiteko, eta filma prest dute jada mendia maite duten euskaldunentzako urteko zita bilakatu den ekitaldian aurkezteko. Hortik aurrera, herriz herri eskaintzea gustatuko litzaioke Peñari, “ordubeteko ikus-entzunezko batekin jendearengana askoz errazago heltzen zarelako”.

Haren hitzetan, mendian hilakoen lagun eta senideek egin beharreko doluak baditu ezaugarri zehatz eta komun batzuk, hala nola, heriotzaren bat-batekotasuna, hildakoen adina, gorpua jasotzeko zailtasunak… “Mundu hau oso maskulinoa da, eta oso maskulinoa da, era berean, dolua ez lantzea”, nabarmendu du, gaiari aurrez aurre heltzeko eta lanketa bat egiteko beharra azpimarratuta. Jarraian duzue Peñari eta Ballinari proiektuaz egindako elkarrizketaren laburpena.