BBK Mendi Film Bilbao – Bizkaia jaialdiaren 13. edizioko egitaraua aurkeztu berri dute festibalaren arduradunek. Online jarraitzeko aukera izango da, eta azaroaren 23an aktibatuko da filmak banaka nahiz multzoka alokatzeko aukera.

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte. Horren erakusle da, besteak beste, urtez urte deialdiari erantzuten dioten profesionalen kopurua: aurten, esaterako, 175 lan bidali dituzte festibalera, sekula baino gehiago.

Bada, jasotakoen artean, 54 film lehiatuko dira Mendi Film jaialdiaren Sail Ofizialean. AEBtik, Espainiatik eta Frantziatik heldutako lanak dira gehienak, baina badira ere Alemaniatik, Australiatik, Eslovakiatik, Erresuma Batutik, Euskal Herritik, Finlandiatik, Greziatik, Hego Koreatik, Italiatik, Kanadatik, Norvegiatik, Poloniatik, Suitzatik eta Zelanda Berritik jasotakoak ere.

Ondorengoak dira Euskal Herrian ekoitzitakoak:

  • Romain Jamet zinemagilearen Iparraldean
  • Iñaki Peña Bandres sendagilearen Mendian hil, hirian hil
  • Ruben Crespo Perezen Aterpean ateri
  • Mikel Sarasolaren The Tears of Shiva
  • Mattin Zeberio Larrazaren Urmuga

Lanok Bilboko Euskalduna Kongresu Jauregian, BBK aretoan eta Azkuna Zentroan izango dira ikusgai, eta COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko ezarritako segurtasun neurri eta muga berriei jarraiki egingo dituzte emanaldiak. Horrez gain, Bilbotik kanpo datozen ikusleei jaialdiaz gozatzeko aukera eskaintzeko ahaleginean, aurrenekoz online jarraitu ahal izango dira saioak; hala nola, filmen proiekzioak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta ekitaldi bereziak.

Programazioa

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioko egitarau osoa  aurkeztu berri dute antolatzaileek, egunez egun eta orduz ordu xehetuta: http://mendifilmfestival.com/MFF/doc/MENDIFILMprograma.pdf

Azaroaren 23an aktibatuko da filmak banaka nahiz multzoka alokatzeko aukera www.mendifilmfestival.com atarian, “oso prezio erakargarriekin”, eta abenduaren 4tik aurrera ikusi ahal izango dira Estatu Espainiarreko eremu geografikoan. Ordaindutako alokairu motaren arabera luzatuko da lanok ikusteko denbora.

Aurrez aurreko emanaldietarako sarrerak, aldiz, azaroaren 23an jarriko dira salgai areto bakoitzaren online plataforman.