Elorrioko Arriola Antzokiak urtero antolatzen duen 24 Ordu Digitalean film laburren lehiaketaren XIV. edizioa egin zuten azaroaren 6an eta 7an, eta osasun-krisiari desafio eginez, hamar taldek hartu zuten parte ekitaldian. Horien artean Puxemoi Produkzioak taldearen Poz tip-ak lanak lortu zuen 700 euroko sari nagusia, eta Bihotzian poza eta Zikoitza extrem izan ziren finalistak.
24 Ordu Digitalean ekimenak babes ederra jaso du beste behin ere, XIV. deialdira hamar talde aurkeztu baitziren asteburuan. Antolatzaileek azaroaren 6an, arratsaldeko 17:00etan, zitatu zituzten parte-hartzaileak lanek bete beharreko baldintzak jakinarazteko: “poza” gaia landu behar zuten, eta horretarako “Dezagun gutxi, dezagun beti” esaldia eta itsulapiko bat sartu behar zituzten filmean.
Esan eta egin! Azaroaren 7an, iluntzeko 20:00etan, egin zuten aurkeztutako lanen emanaldia, eta baita sari-banaketa ere. Goiuri Aldekkoa Otalora, Xabier Zabala eta Peio Salaberria izan ziren aurtengo epaimahaikideak, eta Puxemoi Produkzioak taldearen Poz tip-ak lanari eman zioten sari nagusia. Grabon taldearen Bihotzian poza eta Atabalaken Zikoitza extrem lanek, ostera, 500 euroko sari bana jaso zuten, finalisten paperean.
Haiekin batera, ondorengoak izan ziren lehiaketan parte hartu zuten taldeak: Maritalavista, Txarridino filmarekin; Urrats, Tantaz tanta lanarekin; Atso beltzak, Que coñazo! laburrarekin, Kalandrixak, Herri txiki, poztasun handi filmarekin; Maritalavista X, Atzera be lanarekin; Kiñu taldea, Elorrixarron nirvana laburrarekin; eta Ikusi makusi, Hala din hala dan-ekin.
Jarraian duzue aurtengo lan guztiak biltzen dituen bideoa. Gozatu!