Bertako zinemagileen dokumental eta film laburrak ezagutu eta zabaltzeko konpromisoari eusten dio ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, eta aurten 30 izango dira, orotara, festibalean ikusgai izango diren euskal zigiludun proiektuak. Bertoko Begiradak atalak, beraz, 22 film labur eta zortzi dokumental luze eskainiko ditu azaroaren 13tik 20ra luzatuko den 62. ekitaldian.

Euskal zinemagileen kezkak eta hausnarketak argitara ateratzeko asmoz, ZINEBI jaialdiak Bertoko Begiradak izeneko saila programatzen du urtero, eta ekoitzi berri diren euskal lanek jaialdiko programazioaren zati esanguratsu bat osatzen dute horrela. Film labur zein luzeei eskainitako atalak bereizten dituzten bertan, eta lehenengoen kasuan, FAS Zineklubaren 2.000 euroko saria lortzeko aukera dute.

Bada aurtengoan zortzi dira euskal jatorria duten dokumental luzeak, eta horien artean hiruk lotura berezia dute ZINEBIrekin. Izan ere, jaialdian estreinatuko den Josu Rekalderen Esther Ferrer, Hilos de tiempo proiektuak BBVA Fundazioaren eta Arte Ederren Museoaren MULTIVERSO beka jaso zuen 2018an, eta iazko edizioan Zinema Espainiarraren Sari Nagusia erdietsi zuen Paula Iglesiasek Marta Gómezekin elkarlanean osatutako Fabricando mujeres 2.0 aurkeztuko du aurten. Ainhoa Urgoitia eta Enrique Reyren Margolan bat oparitzen didazu? proiektuak, halaber, 2019ko ZINEBI NETWORKING foroan hartu zuen parte, eta emaitza aurkeztera etorriko dira aurten egileak.

Haiekin batera, Pablo Maquedaren Dear Werer (Walking on Cinema), Josep Morell eta Jordi Vilarren Ernest Lluch, libre y atrevido, Josi Sierraren Mikel Zarete, bihotz zabaleko ameslaria, Ana Murugarren eta Joaquín Trincadoren Esta no es la vida privada de Javier Krahe, eta Javier Rebolloren De los ojos adentro lanak izango dira ikusgai.

22 labur

Film laburrei dagokienez, 22 proiektuen artean hemezortzi gurean egindako laburrak dira, eta horietatik bederatzi euskarazkoak, hala nola, Maitane Carballoren (Ez)ezagun; Elena Sáenzen Ama; Paul Urkijo Alijoren Dar-dar; Aitor Arrutiren Datsegit; Maddi Barberren Gorria; Ekain Albiteren Haizearen egia; Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik; Ximun Fuchs, Manex Fuchs eta Eñaut Castagneten Nire eguneroko maitea eta Iñigo Jimenezen Zubiye. Guztiak ezagutzeko, sartu ZINEBIren atarian.

Igandetik, azaroak 15, asteazkenera, azaroak 18, Azkuna Zentroan arratsaldeko 17:00etan egingo dituzten emanaldien izango dira ikusgai lanok, eta gainerako lau laburrak, gure mugetatik kanpo ekoitzitakoak, Arte Ederren Museoan egingo duten saio berezian eskainiko dituzte, lehiaketatik kanpo.

Programazioa zein film bakoitzaren gaineko xehetasunak ezagutzeko, sartu jaialdiaren atarian.