Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak banatzen dituen Feroz sarietarako behin behineko hautagaiak diren film, telesail eta dokumentalen zerrenda kaleratu dute aste honetan, eta datorren astelehenean jakingo dugu behin betikoa. 78 drama eta 27 komedia ageri dira filmen atalean, eta 53 dokumentalenean, tartean, David Pérez Sañudoren Ane eta Pablo Agüeroren Akelarre filmak, eta Lander Garroren 4 urte, 2 hilabete eta egun 1 eta Asier Altunaren Arzak since 1897 dokumentalak.

Goya sariekin batera, zinemagintzari lotuta Espainiako Estatuan banatzen diren sari nagusiak dira Feroz sariak, bertako kritikari eta kazetarien aburuz, urteko ekoizpen borobilenak omentzen dituztenak. Iazko ekitaldian, esaterako, Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren gailendu zen komedia onenaren atalean, eta filma 2021eko Europako Zinemaren Sarietan, kategoria berean, hautagaia dela jakin dugu berriki.

2021eko edizioan iragan urtean estreinatutako film, telesail eta dokumentalak zein haietan jardundako profesionalak sarituko dituzte, eta behin-behineko hautagaien zerrenda prest dute jada. Tartean, badira euskal jatorria duten hainbat proiektu:

Dokumentalen atalean

  • 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 (Lander Garro)
  • Arzak since 1897 (Asier Altuna)
  • El Drogas (Natxo Leuza)
  • El estado contra Pablo Ibar (Olmo Figueredo)
  • Glittering Misfits (Iban del Campo)
  • Las letras de Jordi (Maider Fernandez)
  • Lobster Soup (Rafa Molés eta Pepe Andreu)
  • Meseta (Juan Palacios)

Filmaen atalean, dramak

  • 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 (Lander Garro)
  • Akelarre (Pablo Agüero)
  • Ane (David Perez Sañudo)
  • Arima (Jaione Camborda)
  • Arzak since 1897 (Asier Altuna)
  • El doble mas quince (Mikel Rueda)
  • El Drogas (Natxo Leuza)
  • Glittering Misfits (Iban del Campo)
  • Hil kanpaiak (Imanol Rayo)
  • Las letras de Jordi (Maider Fernandez)
  • Meseta (Juan Palacios)

Filmen atalean, komediak

  • Erlauntza (Mireia Gabilondo)

Behin betiko hautagaien zerrenda, dena den, datorren astelehenean, azaroak 9, emango dute aditzera, eta azaroaren 23tik abenduaren 2ra, lehen bozak emateko tartea zabalduko dute. Hala, abenduaren 10ean jakinaraziko dituzte kategoria bakoitzeko finalistak, eta urtarrilaren 18tik 31ra bozak emateko bigarren deialdia izango dute kazetari eta kritikariek. Epea amaitutakoan, behin betiko irabazleak aditzera emango dituzte sari-banaketa ekitaldian, pandemiren eraginez, egokitzapenak jasan beharko dituen galan.

Zinemaren alorrean, ondorengo 11 sariak banatuko dituzte:

  • Film dramatiko onena
  • Film komiko onena
  • Zuzendari onena
  • Emakumezko aktore protagonista onena
  • Gizonezko aktore protagonista onena
  • Taldeko emakumezko aktore onena
  • Taldeko gizonezko aktore onena
  • Gidoi onena
  • Jatorrizko musika onena
  • Trailer onena
  • Kartel onena

Horiez eta telebistako sei sariez gain, elkarteak beste hiru sari berezi ere emateko aukera du:

  • Ohorezko Feroz Saria, pertsona baten ibilbide profesionala omentzeko
  • Feroz Sari Berezia, ibilbide komertzialean zorte hobea izatea merezi zuen filmarentzat
  • Dokumental Onenaren Feroz Saria

Honenbestez, Feroz sarien jarraipena egin nahi izanez gero, adi elkartearen atariari!