Iragan urriaren 30etik, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari lotutako ikus-entzunezko saioak eta orotariko jarduerak egiten ari dira Gipuzkoako hiriburuan ostiralera arte, eta horiekin batera, genero horretako ilustrazio, komiki eta txotxongiloak biltzen dituzten lau erakusketa atondu dituzte hainbat artista eta erakunderekin.
Fantasiaren eta beldurraren generoaren adierazpenak diziplina artistiko orotan topa litezke egun, eta horren erakusle dira Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen programazioaren baitan, azken urteetan antolatu dituzten marrazki, kominiki, argazki, panpin, magazine… erakusketak. Aurtengoan lau dira izua eta mundu magikoa herritarrei gerturatuko dizkieten esposizioak, horietan lehena, Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongiloen Zentroarekin elkarlanean atondutakoa.
Alegiazko izakiak
Izan ere, 2009an zabaldu zuten museoaren arduradunek jaialdiarekin bat egiten duen erakusketa diseinatu dute ad hoc. 80 txotxongilo ikus daitezke Donostiako Okendo Kultur Etxean jarrita dagoen ibilbidean zehar, eta horietatik erdia ez dira sekulua ikusgai izan. “Biltegietako bazter guztiak nahasi ditugu pieza egokiak eta aukerakoak aurkitzeko; erronaka eta lan zoragarria izan da, beti topatzen duzulako txotxongiloren bat ahaztuta zegoena, eta ohartzen zara baduzula aukera estetikoki hain zorionekoak ez ziren horiek argitara ateratzeko”. Azaroaren 9ra arte izango da ikusgai.
Euskadi Fantastikoa XVI – Sarima: Mundu magiko bat
Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, ostera, Sarima: Mundu magiko bat ilustrazio bildumaz gozatzeko aukera izango da azaroaren 14ra arte. Marisa López Sarima ilustratzaile bilbotarrak mundu fantastiko ugari sortu ditu: elfoak, sorginak, euskal mitologiako izakiak, maitagarriak, faunoak, aztiak, emakume gerlariak… Hainbat argitalepenetan kolaboratu du, ilustrazio editorialean aritzen baita bereziki, eta 2009an Mallorca Fantástica-ko Ilustrazio Saria jaso zuen. 2011n, halaber, Ilunabar: Magi Fables bere lehen liburua kaleratu zuen, eta egun Imaginarios aldizkariaren arte zuzendaria da.
Etorkizun dotorea
Fernando Mircalak, bere aldetik, proposamen grafiko estatiko-metafisiko bat eskainiko digu “perfekziorik atsegin eta xumeenean”. ED idealizazio estilizatuko obrak dira, Streamline diseinuarekin eginak eta jostailu klasikoen plastikotasuna bistaratzen dutenak. Giza prototipo dotoreak, aire ibilgailuak, flotatzen duten etxeak… Gure orainaldi inperfektutik ametsak diruditen errealitate paraleloen irudikapenak. Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan dago erakusketa urriaren 14az geroztik, eta beste hilabetez, abenduaren 14ra arte, egongo da zabalik.
Betiereko Juan Giménez
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, FNACekin lankidetzan, Vilagarcía de Arousako Curtas Festival do Imaxinario jaialdiak eta Espainiako Komikiaren Lagunen Elkarteak antolatutako erakusketa gurera ekartzea lortu du. Juan Giménez kominikigile eta ilustratzaile argentinarrari egindako omenaldia da, Covid19aren ondorioz, iragan apirilean zendu baitzen El cuarto poder, Ciudad eta La casta de los Metabarones bezalako lanen egilea. Sortzailearen lagun eta lankideek, izen handiko ilustratzaile eta komikigileak denak, osatutako obrak biltzen ditu esposizioak. Donostiako FNAC dendan izango dira ikusgai azaroaren 30era arte.