Paul Urkijok 2017 urtean zuzendutako Errementari filma eskainiko du gaur, 22:30etik aurrera, Euskal Telebistaren euskarazko kanalak. Fantasiazko eta beldurrezko generoak uztartzen ditu filmak, eta Kandido Uranga, Ramon Agirre, Eneko Sagardoy eta Uma Bracaglia ditu protagonista.

10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat Arabako herrixka batean jazotako gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera eramango dute. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi.

Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortuko du, eta agerian utziko du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

2017ko Sitgesko Fantasiazko Zinemaldian aurkeztu zuen filma estreinakoz, eta 2018ko martxoaren 2an estreinatu zuten zinema aretoetan. Horrez gain, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean ere aurkeztu zuten, eta Publikoaren Saria eskuratu zuen bertan. 2018ko urriaren 12az geroztik NETFLIX plataforman ikus daiteke ere bai.