Brasilgo Enbaxadak eta Kultura Fundazio Hispano-Brasildarrak antolatutako Novocine mostrak, BilbaoArterekin elkarlanean, azaroaren 10etik 19ra luzatuko den emanaldi sorta atondu du.  Hiru film, haietako bakoitza bi alditan, emango dituzte jatorrizko bertsioan, eta sarrera egunean bertan erreserbatu beharko da.

Brasilgo zinemagintza ez ezik, bertako pertsoanaia esanguratsuak ere ezagutzeko parada izango da Bilbon azaroan, azken hamarkadan ekoitzitako hiru proiektu mardul eta saritu emango baitituzte BilbaoArteko zikloan.

Lehena, azaroaren 10ean eta 19an izango da ikusgai, Diez segundos para vencer, José Alvarenga Jr.ena. Eder Jofre boxeolariaren biografiak kirolariaren ibilbidea jarraituko du, haurra zenetik izar ospetsu bilakatu arte. Osmar Pradok aktore onenaren garaikurra erdietsi zuen Gramadoko jaialdian zintan egindako lanagatik.

Hilaren 11n eta 17an, aldiz, A coleçao invisível proiektatuko dute, Bernard Attalek idatzi eta zuzendutako drama ederra. Filmeko protagonista Beto da, antzinako gauzak saltzen dituen denda bateko jabea. Krisi ekonomikoari aurre egiteko, Itajuípera joango da, duela 30 urte dendan izan zuten Samir bezeroaren bila.

Eta azkenik, azaroaren 12ko eta 18ko saioetan, Nise, o coraçao da loucura biopica eskainiko dute, Roberto Berlinerrek 2015ean aurkeztutako drama. Tokion, Gotemburgon, Glasgown eta Brasilgo hainbat jaialditan aurkeztu zuen erotasuna tratatzeko artea eta maitasuna aldarrikatzen zituen Nise da Silveira sendagilearen iraultzari buruzko filma.

Emanaldiak 19:00etan egingo dituzte, eta sarrerak egunean bertan gorde beharko dira, 9:00etatik aurrera, 94 415 50 97 telefonora deituta. Pertsona bakoitzak bi eserleku hartzeko aukera izango du, gehienez.