Udazkeneko programazioari jarraipena emango dio Nafarroako Filmotekak pandemiari aurre egiteko neurriak beteaz. Hala, azaroan bost ziklotako lanak eskainiko dituzte, ohiko Nafarroako lanez eta Ateneoren emanaldiaz gain, Luchino Visconti zinegilearen lau film emango dituzte, Afrikako gatazka eta garapena hizpide dituzten beste horrenbeste, eta Punto de Vista jaialdian saritutako hainbat lan.

Aniztasunak bereizgarritu ohi du Nafarroako Filmotekaren eskaintza, eta garai zailotan ere, ikus-entzunezkoen bidez herritarren aldartea laguntzeko asmoz, orotariko lanak programatuko dituzte azaroan. Emanaldiak 18:00etan, 18:30ean eta 19:00etan egingo dituzte, eta sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, eserlekuak zenbakituta egongo baitira.

Asteartetan Luchino Visconti zinemagile italiarrari eskainitako zikloa programatuko dute, eta lau emanaldi egingo dituzte. Profesionalak ez ziren aktoreekin eta lokalizazio naturaletan errodatzeak ezaugarritzen duen joera neorrealistaren sortzailetzat hartua da Visconti, eta nagusiki, Italiari eragiten zioten gai sozialei eskaini zien bere zinemagintza. Nafarroako Filmotekak programatuko dituen lau lanak (La terra trema, 1948; Bellísima, 1951; Senso, 1954; eta Le notti bianche, 1957) zinemagilearen ibilbideko obra esanguratsuak dira, XX. mendeko zineman mugarri izandakoak. Programazioa hemen kontsulta dezakezue.

Bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, halaber, Nafarroan ekoitzitako bi lan izango dira ikusgai azaroan: 1920an filmatu eta berriki zaharberritutako Pour Don Carlos emango dute azaroaren 5ean, eta hilaren 19an Italian saritu berri duten Oskar Alegriaren Zumiriki dokumentala.

Afrikatik Hego Amerikara

Zinema Afrikarrak. Gatazka eta garapena zikloaren bidez, bestetik, kontinente beltzaren sentikortasuna, aberastasuna, etengabeko garapena eta herritarren indarra erakutsiko dituzte. Hala, 70eko hamarkadako Touki Bouki (Djbril Diop Mambéty) klasikoarekin batera, 2019ko bi dokumental eta fikzio bat programatu dituzte.

Eta El Ateneo Presenta… emanaldian 2001ean Berlingo zinema jaialdian estreinatu zuten La ciénaga drama proiektatuko dute. Jaialdi hartan, Sundancen eta La Habanan saritu zuten Lucrecia Martel zinemagilearen proposamena, otsaileko oporraldian elkartuko diren bi familiaren gorabeherak aztergai dituen gizarte argentinarraren erretratu errealista.

Punto de Vistako onena

Eta amaitzeko, urtero legez, Iruñean otsailean egiten duten Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko irabazleei ere egingo diete tartea. Bada, aurten Ben Riversen Now, at Last!, Ana Vazen Apiyemiyeki? eta Lawrence Abu Hamdanen Once Removed lanak izango dira ikusgai. Jarraian dituzue proiektu bakoitzaren xehetasunak.