Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian ikusi zuen argia 2019an Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren opera primak, Antonio Orejudoren eleberri homonimoan oinarritutako thrillerrak. Hamaika sari eskuratzeko hautagaia izan da, eta aste honetan jakin dute Europako Zinemaren Akademiak 2020ko komedia onenaren kategorian hautagai gisa aukeratu duela.
Datorren abenduaren 12an ekitaldi birtual baten bidez banatuko ditu Europako Zinemaren Akademiak urteko zinema europarraren sariak, eta aurtengo hautagaien artean bada euskal zigilua daraman proiektu bat: Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren film fantastikoa. Komedia onenaren kategorian da hautagaia, Pamela Tolaren Terä sledit (Mujeres de acero) finlandiarrarekin eta Emmanuel Courcolen Un triomphe frantziarrarekin batera.
Antonio Orejudoren eleberri homonimoan oinarritutako filmak Helga editorearen eta Ángel Sanagustín psikiatraren bidaia du oinarrian. Helbak psikiatriko batean sartu berri du senarra, eta etxerako bidean, Sanagustínekin egingo du topo trenean. Hark bereziki arriskutsua den gaixo paranoiko Martín Urales de Úbedaren istorioa kontatuko dio, eta pixkanaka, pertsonaia zoroz jositako abenturan murgilduko dira.
Thrillerra, drama, maitasuna eta beldurra uztartzen ditu filmak, eta komedia onenaren Feroz saria jaso zuen urte hasieran. Horrez gain, Goya saria eskuratzeko hautagaia ere izan zen lau kategoriatan, eta Platino sarietan opera prima onenaren garaikurra eskuratzeko proposatu zuten.