Zuzendaria: Larraitz Zuazo

Urtea: 2019

Herria: Euskal Herria

Aste honetan, ohiko zinema aretoak utzi eta Gasteizen ospatzen ari den Euskal Zinema Dokumentalaren Astera hurbildu naiz. Aukera polita, bost egunez eta egunean behin, euskal sortzaileen azken lanak ezagutzeko.

Hala bada, atzo, asteartea, Larraitz Zuazok zuzendutako eta Woltiak Film Servicesek ekoitzitako Bai, bagara! dokumentala ikusteko aukera izan nuen. EHUko errektorea izandako Iñaki Goirizelaiaren ideiari jarraiki, elkarrekin AEBetako bi kostak gurutzatzera eramango dituen proiektuan abiatzen dira Goirizelaia bera eta Zuazoren taldea. Euskal diasporaren analisiaren bitartez, balio euskaldunen funtsaz hausnartzen du zintak, halakorik benetan baldin balego.

Goirizelaiaren off-ahotsak gidatzen gaitu road-movie honetan: paisaia txundigarrien, toki bitxien eta pertsonaia are bitxiagoen aurkezpena bere kontu geratzen dira. Doinu informatibo hutsaz haratago, subjektiboki ere mintzatzen zaigu Goirizelaia. Hasiera-hasieratik hark berak adierazten duenez, film honetan egiten den bidaia ez da soilik fisikoa, barrenak usteko parada eskaintzen duen horietakoa ere bada.

Boston, Florida, New York, Los Angeles, Oregon, Seattle, San Francisco, Boise… Urtetako ezagunek edo adiskide berriek, denek daukate haien istorioa plazaratzeko lekua. Duela gutxi emigratutakoek edo euskara jatorrean mintzo diren migratuen hirugarren belaunaldiek, guztiek dute zer edo zer esateko euskal balio mitiko horien inguruan: elkartasuna, laguntasuna, eskuzabaltasuna, demokrazia, berrikuntza, leialtasuna, diskrezioa… Zelako hitz potoloak! Badirudi filmak zinema aretotik atera eta mezatara eraman gaituela. Mezatara? Bai zera! Horrek gehiago dirudi EHU-ko ikasturte hasierako diskurtsoa!

Alde teknikoenari begira, bete-betean asmatzen dute bai muntaketa zein zinematografiak; Zuazoren beraren eskuetan lehena eta Juanfe Garcesi esker bigarrena. Begirada azkarra sumatzen da kameraren atzean, Aukeren Herriak eskaintzen dituen entretenimendu anitzak iragazi eta horien sintesi itxurosoa lortzen duena. Aipatzekoa ere Joseba B. Lenoiren lana soinu bandari dagokionez, ederra eta irudiekiko primeran integratua.

Zoritxarrez, filmaren premisa nagusiak, hau da, euskal balioen oihartzunaren bilaketak diasporan, ez du lortzen betiko topiko folklorikoak gainditzea. Vascos por el mundo moduko telesailen lehengusu sofistikatua izaten amaitzen du dokumentalak; jantzia eta erakargarria, bai, baina ezer berririk esaten ez duena.

Bai, bagara! pasa den urteko Zinebi zinemaldian aurkeztu zen eta, handik gutxira, EITB-k bere programazioaren artean egin zion lekua. Gasteizera ailegatu da aste honetan, beste hiru dokumental luzerekin eta hiru laburrekin batera. Gaur, asteazkena, Jorge Moneoren Orbainak, Josu Veneroren eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko, eta Raul de la Fuenteren Infernua egongo dira ikusgarri. Ostegunean, aldiz, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa-ren txanda izango da eta, ostiralean, zikloari amaiera emateko, Joseba Sanzen Gerra hemen hasten da izango dugu.

Ekimen interesgarria, arratsalde gero eta hotzetarako plan ezin hobea. Gasteiztik mugitu beharrik gabe, primerako zinemaz gozatzeko aukera aparta!