Iragan azaroaren 23tik 25era egin zuten GetxoExpress Film Laburren Lehiaketaren bosgarren edizioa, eta 25 taldek hartu dute parte deialdian. 43 orduko epea izan zuten Ipuin bat gaiari lotutako lanak osatu eta aurkezteko, eta lehen saria Engorile taldearen Lamiak filmak eskuratu zuen.

Joan zen ostiralean, urriak 23, abiatu zuten GetxoExpress Film Laburren Lehiaketaren V. ekitaldia Romoko kultur etxean. Parte-hartzaileei Ipuin bat gaia eman zieten antolatzaileek, eta 43 orduko tartean film laburrak landu, prestatu, grabatu eta aurkeztu zituzten. Sari-banaketa ekitaldia igandean egin zuten Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, eta egoera bereziak eraginda, partaideak eta epaimahaikideak soilik elkartu ziren; jaialdia, dena den, online eskaini zuten lehiaketaren webgunean, eta edonork aurkeztutako lanez gozatzeko aukera izan zuen.

Ikus-entzunezko sektorean diharduten goi mailako lau profesionalek osatu dute aurtengo epaimahaia: Iratxe Fresneda irakasle, zinemagile eta kazetariak; Ramón Barea aktoreak; Gorka Aguirre efektu-berezien sortzaileak; eta Sonia Pacios ekoizle eta gidoigileak. Lanen emanaldiaren ostean aukeratu zituzten irabazleak, eta sei sari eman zituzten:

Lehen saria (1.000 euro) – Lamiak, Engorile taldearena.

Bigarren saria (800 euro) – Viento, Habitación taldearena.

Ikusleen saria (300 euro) – No viene a cuento, Herriwatch taldearena.

Getxotar batek egindako lan onenaren saria (250 euro) – No viene a cuento, Herriwatch taldearena.

Euskarazko film labur onenaren saria (250 euro) – Egia bazen, Maritalavista taldearena.

Emakume batek zuzendutako film labur onenaren Bizkaia Zubia saria (250 euro) – El brebaje, Yaima taldearena.