Azaroaren 6an helduko da zinema aretoetara Erlauntza, Kepa Errastik idatzitako eta Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlan homonimoan oinarritutako filma. Haurtzaroko lagun talde batek landetxe batean igaroko duen asteburua erakutsiko du, eta trailerra ikusgai dago jada.

Ane Antoñanzasek eta Fernando Bernuések ekoitzi dute antzokietan arrakasta polita erdietsi duen Erlauntza obraren pantaila handirako egokitzapena. Antzezlanaren zuzendari Mireia Gabilondo bera arduratu da ikus-entzunezkoaren gidaritzaz, bakarka zuzendu duen bigarren film luzea. Eta aktore-taldea Aitziber Garmendiak, Sara Cózarrek, Getari Etxegaraik, Naiara Arnedok, Itziar Atienzak eta Leire Ruizek osatu dute. Kepa Errastiren gidoia du oinarri; David Bernués eta Xabier Lozano dira argazki-zuzendariak eta Ana Turrillas arduratu da arte zuzendaritzaz.

Filma, gainera, bi bertsio originaletan estreinatuko dute, halaxe egin baitzuten errodajea Fikako (Bizkaia) landetxe batean iragan udan, hamalau egunez.

Covid19-aren pandemia gurera heldu eta osasun-neurriak ezarri aurretik horren ohikoak ziren lagunek antolatutako ezkon-aurreko agur batean girotutako istorioa da. Haurtzaroko sei lagun landetxe batera joango dira asteburua igarotzera, eta elkarren artean harreman estua badute ere, gauzak aldatu egin direla ohartuko dira. Inoiz esan gabeko gauzei, aitorpenei, trapu zikinei… eta erlauntza bati egin beharko diote aurre, etenik gabe gaiztotzen joango den festa-giroan.

Filma azaroaren 6an helduko da zinema aretoetara, eta aurretik, trailerra sareetan zintzilikatu dute. Gozatu!

0