Arantza Santesteban zinegilearen ‘918 Gau’ film proiektuak irabazi du Abycine jaialdiko Lanza MAFIZ saria. Honekin batera beste hainbat euskal proiektuk parte hartuko dute zinema indepentearen Albaceteko jaialdian, urriaren 23tik 30era bitartean.
Bederatzi izango dira egunotan Abycine zinema indepentearen Albaceteko jaialdian parte hartuko duten euskal proiektuak. Euskal zinemaren presentzia nabarmenena merkatu atalean izango da, eta zinegileek laguntza izango dute bertan, euren lanen garapena eta banaketa aurrera eramateko.
Hautatutako lanen artean daude, besteak beste, Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas (Sirimiri Films eta Gariza Films), Jorge Moneoren Almanaka (Kalakalab), Tamara Lucariniren El peso (Banatu Filmak), David Desolaren El padre de todos nosotros (Basque Films) eta Iratxe Fresnedaren Tetuán (Pimpinella Films eta Marmoka Films). Gainera, Sara Fantova (Noka Mentoring programako parte-hartzailea) zinegileak bere lehengo film luzea izango den Jone a veces aurkezteko aukera izango du, proiektu gonbidatu gisa. Aipatutako zinemagileek topaketa publikoetan aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak, baita banakako saioetan ere, eta foroan elkartuko diren Estatuko nahiz nazioarteko profesionalen aholkularitza jasoko dute: ekoizleak, banatzaileak, salmenta-agenteak, etab.
Gainera, David Pérez Sañudoren Ane (Amania Films) pelikulak Abycine Indie sailean parte hartuko du, hau da, zine-aretoetan komertzialki estreinatu ez diren edo banaketa murriztua izan duten eta jaialdi honek aldarrikatzen duen fenomeno independentearen erakusle diren filmen atalean. Halaber, Ane lana Sail Ofizialean lehiatuko da ere, eta Paul Urkijok aurkeztutako azken film laburra, Dar-dar (Ikusgarri Films), Abycine Cortos atalean hautatu dute. Juan Palaciosen Meseta pelikula (Doxa Producciones eta Jaibo Films), bestalde, Talentos Abycine Lanza sailean egongo da.
Amaitzeko, Arantza Santestebanen 918 gau (Txintxua Films eta Hiruki Filmak) film luzea postprodukzio fasean dauden V. Work In Progress foroan lehiatu berri da da, Estatuko zinema independenteko talentua nabarmentzen duen atalean. Hain zuzen, Lanza MAFIZ Saria irabazi du bertan zinemagile iruindarrak. Egileak berak kartzelan igarotako bizipenetan oinarrituta, kartzela-bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratuko ditu, hala nola, denboraren igarotzea, isolamendua, ondorio fisiko eta psikologikoak, eta menderakuntzaren gune opakoak:
“2007ko urriaren 4ko gauean, Polizia Nazionalaren kamioneta batzuek geldiarazi egin zuten gure autoa. Identifikatu ondoren, atxilotuta geundela jakinarazi ziguten. Terrorismo-delitua leporatu ziguten, 2002ko Alderdien Legeak ilegaltzat jotako alderdi batean jarduera politikoa gauzatzeagatik. Une horretan bertan hasi zen nire bizitza berria izango zen bide luze hura: kartzela. Guztira, 918 gau eman nituen espetxean. Ia hiru urtez erabat desagertu nintzen lehen nuen bizitzatik”.