Urriaren 15etik 22ra luzatu den Film Sozialak. Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 12. edizioa euskal ekoizpenen oparoaldiaren lekuko izan da, eta horren erakusle, bertako ekoizpenek erdietsi dituzten sei garaikurrak. Besteak beste, Genero Berdintasunaren saria (Jone Guenetxea Arrinda eta Garlos Iglesias Serranorentzat, Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna lanagatik) eta Emakumeek zuzendutako film onenaren saria (Itxaso Díazentzat, La Historia de todas nosotras filmagatik) izan dira.

Iragan urriaren 22an egin zuten Bilboko Film Sozialak. Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren sari-banaketa ekitaldia, eta antolatzaileak pozik azaldu ziren festibalaren bilakaerarekin. Aurtengo programazioa atontzea bereziki zaila izan dela aitortu zuten, Covid-19ak eraginda, ekitaldiak presentzialki eta online egiteko moduak aurreikusi behar izan zituztelako; eta aretoen edukiera murriztu behar izan duten arren, saioak modu presentzialean egin ahal izan dituzte.

Bada, jaialdia 24 egoitzatan gauzatu dute (tartean, Bizkaiko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 14 zentrotan), eta aurkeztutako 84 filmetik ia erdia emakumeek zuzendu edo kozuzendutakoa izan da. Saridunei dagokienez, halaber, %78 andrazkoek sortutako proiektuak izan dira. Eta datuarekin batera, jaialdiaren zuzendari Juan Carlos Vázquez Velascok gogorarazi du Pekingo Deklarazioaren 25. urteurrena bete berri dela, eta “mundu osoko emakumeak eta neskak ahalduntzeko programarik aurreratuena izan den arren, urte hauetan erabateko berdintasuna ez da inongo herrialdetan lortu eta planen % 80 inguru oraindik gauzatu gabe daude”.

Bada, emakumeen presentzia nabarmenaz gain, euskal ekoizpenen parte-hartzea ere esanguratsua izan da, eta ekitaldiaren itxieran banatutako 11 sari eta zazpi aipamen berezien artean, sei euskal ekoizpenentzat izan dira. Jarraian palmaresa:

  • Euskarazko lan onena: Nor Nori Nork, Estibalitz Urresola (Euskal Herria)
  • Aipamen berezia: Mateoren ama, Jon Arregi eta Jose Mari Goenaga (Euskal Herria)
  • Giza eskubideen saria: Kalipay, Federico Cardelús (Espainia eta Filipinak)
  • Aipamen berezia: 18 meses descifrando los ojos de dulce, Pedro Roberto Jiménez (Espainia)
  • Genero berdintasunaren saria: Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna, Jone Guenetxea Arrinda eta Carlos Iglesias Serrano (Euskal Herria)
  • Aipamen berezia: 16 de decembro, Álvaro Gago (Espainia)
  • Emakume batek egindako lan onena: La Historia de todas nosotras, Itxaso Díaz (Euskal Herria eta El Salvador)
  • Aipamen berezia: Horn, Ghasideh Golmakani (Iran)
  • Garapen iraunkorraren saria: Cho Ukayib’al, Elijo Dignidad erakundea (Guatemala)
  • Aipamen berezia: El monstruo invisible, Guillermo Fesser Perez de Petinto eta Javier Fesser Perez de Petinto (Espainia eta Indonesia)
  • Kulturartekotasunaren saria: El hilo de la luna, Inmaculada Antolínez eta Esperanza Jorge (Espainia, Maroko eta Nigeria)
  • Aipamen berezia: Encontres d’exil, Jorge Ramos eta Jaume Durá (Espainia)
  • Film Sozialak. Zinema Ikusezina saria: El monstruo invisible, Guillermo Fesser Perez de Petinto eta Javier Fesser Perez de Petinto (Espainia eta Indonesia)
  • Balio Hezkuntzaren saria: Era yo, Andrea Casaseca (Espainia)
  • Invisible Express saria: No sé: En la Ópera, Andra Lafuente Urtazu, Amaia Ajuria Urquidi, Laiene Rodríguez Fernández, Marina Urrutia Ruiz, Rubén Arbide Martín eta Xabier Gómez Arellano (Euskal Herria)
  • Aipamen berezia: Absurdez Mobile, Pedro Luis Blanco Siendones (Euskal Herria)
  • Invisible Express publikoaren saria: Oye Siri, Aida Sánchez Pérez, Eder Blanco Cabado, Endika Díaz García, Gaizka Galdames Seijas eta Jon Díaz García (Euskal Herria).
  • Zinema Ikusezinaren ikusleen saria: Romipen, Helena Bayona (Espainia)