Iruñea, Bilbo eta Donostiak dantza eta teknologia berriak uztartzen dituen diziplinarteko Zinetika jaialdia hartuko dute gaurtik aurrera. Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan egingo duten Bizimina filmaren proiekzioarekin eta masterclassarekin hasiko dute V. edizioaren egitaraua, eta azaroaren 1era arte luzatuko da.
Mugimendua zinemagintzaren ikuspegitik aztertzeko helburua du Zinetikak, eta horretarako, bideodantzak, performanceak, instalakuntzak, masterclasseak eta tailerrak antolatzen dituzte. Lehen edizioa 2016an egin zuten Iruñean, eta hurrengo urtean Donostia batu zitzaion ekimenari. 2018an Bilboren txanda izan zen, eta ordutik, Iruñeko Baluarte, Donostiako Trueba eta Bilboko BilbaoArte bilakatu dira jaialdiaren egoitza.
2020ko edizioa gaur, urriak 23, hasiko da, eta azaroaren 1era arte, proiekzioak, tailerrak, performanceak eta masterclassak eskainiko dituzte hamaika artista eta sortzaileren eskutik.
Masterclasseak, esaterako, bi izango dira: Jon Mayak eta Pablo Iraburuk gidatuko duten saioa eta Zinemina lanaren proiekzioa, batetik, eta Jaco Van Dormael eta Michéle Anne De Mey ikus-entzunezko sortzaile belgikarrek gidatutako Filmar emociones a otra escala, bestetik. Lehena hiru hiriburuetan emango dute; bigarren soilik Iruñean. Biak ala biak doakoak izango dira.
Bestetik, 24 film proiektatuko dituzte lau ataletan banatuta. Sail Ofizialean Frantziatik, Alemaniatik, Australiatik eta Errusiatik, besteak beste, heldutako zazpi proiektu ariko dira lehian; Open Screen atalean, ordea, hamalau izango dira. Maneras de ver dokumentala Zinetiks atalean emango dute, eta Dokumentalen sailean, azkenik, Ander Iriarteren Emarri laburra eta Aitor Ortiz de Feliperen DNA 2020 proiektuak izango dira ikusgai.
Horrez gain, Becky Siegel koreografo eta dantza irakasle estatubatuarrak Dantzaren Inklusiorako Erronkak izeneko tailerra eskainiko du Iruñean hilaren 31n eta azaroaren 1ean, goizez, dantzako profesionalei zuzenduta, eta bertan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.
Bi izango dira, azkenik, Iruñean bakarrik ikusi ahal izango diren performanceak: El Patio Teatrok eskainitako A mano, urriaren 31n, 20:00etan Baluarten, eta Ziomara Hormaetxe Companyren Biopiracy, azaroaren 1ean, 20:00etan Baluarten, baita ere. Sarrerak 6 euro balioko du bi kasuetan.
Programazio osoa eta saio bakoitzaren inguruko informazioa, Zinetika jaialdiaren webgunean.