Urriaren 26tik 30era egingo dute Gasteizko Vital Fundazioaren kulturunean Euskal Zinema Dokumentalaren VI. Astea. Urteroko zitan euskal sortzaileen dokumental esanguratsuenen aukeraketa bat eskaintzen dute, eta aurtengoan, lau luze eta hiru laburrek osatuko dute programa. 

Euskal sorkuntza anitzaren erakusle izan ohi da Vital Fundazioak Gasteizen antolatzen duen Euskal Zinema Dokumentalaren Astea. Bost egunez, gaurkotasun eta kalitate handiko proiektuak izaten dira ikusgai, eta hartzaileengana heltzeko asmoz, sarrera doakoa izaten da. Emanaldien hasieran, halaber, filmaren aurkezpena egiten dute, eta ostean, ikusitakoaren inguruko eztabaida eta solasaldia.

Bada, ekimenaren VI. edizioa urriko azken astean egingo dute, astelehenetik ostiralera, iluntzeko 19:30ean, eta bost emanalditan zazpi lan emango dituzte. Besteak beste, gerrako errefuxiatuen drama, Donostiako lehen eskola klandestinoa eta arma merkataritza izango dituzte hizpide.

Zikloa Awlad, hesiak gainditu dokumentalaren hasiko da. Ane Irazabal euskal kazetariak eta Cosimo Caridi kazetari eta zinemagileak zuzendutako proposamenak Mohamed, Aya, Hadi eta Muzhda haur errefuxiatuen bizitza pantailaratuko du. Beren haurtzaroa aldarrikatuko dute, eskolara joateko eta normaltasuna berreskuratzeko duten eskubidea.

 

Asteartean, ostera, Larraitz Zuazoren Bai, bagara lana eskainiko dute. Iñaki Goirizelaiak euskal berezitasunerantz egindako bidaia jarraituko du, eta AEBetara joandako euskal migratzaileen testuinguruan, road movie formatuan, euskaldunon balioak azalduko ditu.

 

Asteazkenean, berriz, film laburren txanda izango da, eta Jorge Moneoren Orbainak, Josu Veneroren eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko, eta Raul de la Fuenteren Infernua emango dituzte. Hiru proiektuen atzean daden istorioak eta haiek lantzeko moduak erabat ezberdinak dira.

 

Ostegunean Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa dokumentala proiektatuko dute, Elvira Zipitriari eskainitakoa. XX. mendeko euskal kulturaren eta politikaren figura garrantzitsua izan zen Zipitria, eta Donostiako Alde Zaharrean euskarazko eskola klandestinoa sortu zuen Francoren garaian.

 

Eta zikloari amaiera emateko, Gerra hemen asten da indartsua emango dute, Joseba Sanz zinegilearena. Ignacio Robles suhiltzaileak Bilboko portuan hartutako erabakia du ardatz lanak: Saudi Arabiara zihoan arma kargamentuan parte hartzeari uko egin zion, armen merkatuaren interes ilunei babesik ez emateko.

0