Abenduaren 4tik 13ra egingo dute aurten BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia, eta arduradunek atzo bertan aditzera eman zutenez, 36 herrialdetako 54 film lehiatuko dira Sail Ofizialean; deialdira, gainera, 175 proiektu aurkeztu zituzten, sekula baino gehiago. Bost dira Euskal Herrian ekoitzitako proiektuak, horietako lau jatorrian euskaraz.
Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte. Horren erakusle da, besteak beste, urtez urte deialdiari erantzuten dioten profesionalen kopurua, eta aurten 175 lan bidali dituzte festibalera, sekula baino gehiago.
Bada, jasotakoen artean 54 film hautatu dituzte Sail Ofizialean lehiatzeko. AEBetatik, Espainiatik eta Frantziatik heldutako lanak dira gehienak, baina badira Alemaniatik, Australiatik, Austriatik, Eslovakiatik, Erresuma Batutik, Finlandiatik, Greziatik, Hego Koreatik, Italiatik, Kanadatik, Norvegiatik, Poloniatik, Suitzatik eta Zeelanda Berritik jasotakoak ere. Festibalak nazioartean duen oihartzunaren ageriko, hori ere. Lanok Bilboko Euskalduna Jauregian, Sala BBKn eta Azkuna Zentroan izango dira ikusgai, eta Covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako segurtasun neurriei jarraiki egingo dira emanaldiak.
Aldiz, ahal beste ikusleri jaialdiaz gozatzeko aukera eskaini asmoz, aurten aurrenekoz online jarraitu ahal izango dira BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren saioak, hala nola, Sail Ofizialeko filmak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta ekitaldi bereziak. Programazioa aurrerago emango dute aditzera, baita edukiok ikusteko jarraitu beharreko urratsak ere.
Filmak eta epaimahaia
Sail Ofizialeko proiektuen artean badira bost Euskal Herrian ekoitzitakoak:
- Romain Jamet zinemagilearen Iparraldean
- Iñaki Peña Bandres sendagilearen Mendian hil, hirian hil
- Ruben Crespo Perezen Aterpean ateri
- Mikel Sarasolaren The Tears of Shiva
- Mattin Zeberio Larrazaren Urmuga
Film guztien zerrenda hemen kontsulta dezakezue. Eta horrez gain, aurtengo bost epaimahaikideak ere aurkeztu dituzte:
- Asier Altuna Iza zinema zuzendaria eta gidoilaria.
- Paula Olaz Moratinos zinema, telebista, antzerki, dantza eta bideo-jokoetako soinu-banda sortzailea.
- Itziar García Zubiri dokumentaletan espezializatutako ekoizlea.
- Iwona Zielínska-Sasiada kultura kudeatzailea poloniarra.
- Jon San Sebastián-López ikus-entzunezko baliabideen ikaslea.
Jaialdiaren ingurukoak hurbiletik jarraitzeko, sartu BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiaren atarian.