Espainiar estatuko gidoigileen sindikatu nagusia den ALMAk film laburren gidoi onenaren saria eman ohi du Madrilgo Zinema jaialdian. Bada, berriri ospatu den 29. edizioan Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik jaso dute garaikurra, Iban Zalduaren Ama kontaketan oinarritutako Mateoren Ama laburraren gidoiagatik.

“Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik zahar-etxera joan eta bisita egitea erabakiko du. Baina ez da erraza izango, seme-alabak ezagutzen ez dituen amona ez baitu hurbil sentitzen”. Mateoren ama laburrak gaurkotasun handiko familiarteko drama du oinarrian, Iban Zalduak idatzitako Ama kontakizunetik abiatuta. Proiektua 2019an aurkeztu zuten, eta Euskadiko Filmategiaren Kimuak katalogoaren bidez zabaldua izateko hautatu zuten orduan. Geroztik hamaika sariketatan izan da, eta asko izan dira proiektuaren indarra eta sentikortasuna nabarmendu duten ahotsak.

Bada, urriaren 6tik 18ra egin duten Madrilgo Zinema Jaialdiaren 29. edizioan lehiatu da berriki proiektua, film laburren atalean, beste 50etik gora lanekin batera, eta Espainiar estatuko gidoigileen sindikatu nagusia den ALMAk film laburren gidoi onenaren saria eman dio. Garaikurra ez da edonolakoa, sindikatuak 750 profesionaletik gora baititu afiliatuta. “Istorioaren eraikuntza solidoa” nabarmendu dute.