Pham Thien An zuzendari vietnamdarraren Stay awake, be ready lana hautatu dute Donosskino lehiaketaren filmarik onena. Larunbat iluntzean ospatu zuten itxiera ekitaldian eman zioten amaiera 2020ko ezohizko edizioari, eta Michel Gaztambide omendu zuten bertan.
COVID-19ren krisia dela eta, ziurgabetasuna nagusi bada ere, Kristonkino Ikus-entzunezko Fikziozko Kolektiboko kideek Donosskino Donostiako Film Laburren Festibala ospatu egingo dutela aurreratu zuten ekainean, eta ez dute atzera egin. Hala, urriaren 13tik 17ra berretsi dute hemengo eta hango film labur onenak donostiarrengana ekartzearen aldeko apustua.
Lan nazionalak, nazioartekoak, hasiberrienak edo zuzendari ospetsuenak… guztiak hartzen ditu bere gain Donosskinok, Donostiako Film Laburren Jaialdiak, eta munduan bizi dugun osasun krisialdiak ezohizko edizio baten erritmoak markatu baditu ere, festibalaren esparruan normalean egiten diren jarduera gehienak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek. Hala, hogeita hamar film labur baino gehiago ikusi ahal izan dira laugarren edizioan, eta joan den larunbatean iragarri zituzten 2020 atipiko honetako irabazleen izenak. Michel Gaztambideri izan da edizioko omendua, eta jaialdiko Ohorezko Saria jaso zuen bere ibilbidean bide lagun izan duen Larrotxene Bideo zerbitzuaren eskutik.
Palmares ofizialari dagokionez, Pham Thien An zuzendari vietnamdarraren Stay awake, be ready filmak jaso zuen epaimahaiaren sari nagusia: film labur onenaren saria, alegia. Interpretazio onenaren saria Luisa Gavasak eta Nuria Primsek jaso zuten, Una vida asegurada filmean egindako lan onagatik. Firas Khoury zuzendari eta gidoilari palestinarrak gidoi onenaren saria eskuratu zuen Maradona’s legs film laburragatik eta publikoaren saria Alberto Utrerak zuzendutako Su Rider film laburrak lortu zuen. Etxean Shortuak sailean Nitya Lopez Saitua zuzendariaren Infraganti film laburra izan zen garaile publikoaren botoei esker.
Donosskino Express Lehiaketaren irabazleen izenak ere ezagutarazi zituzten larunbateko hitzorduan: El vinatero, Atraco al Kraken eta Un virus, ¡y dos amigos!, eta irabazleek 400€ jaso zituzten, 200€ eta 100€ lortu zituzten, hurrenez hurren. Gainera, antolatzaileek, Kristonkino taldeko kideek, Donosskiner of the year saria eman nahi izan zioten Jon Ruizi, haien Sergio Leone partikularrari, urtez urte festibalean izaten duen inplikazio eta laguntza eskuzabalagatik.