Izen bereko antzerki obran oinarritutako Erlauntza filma estreinatuko du Mireia Gabilondok datorren azaroan, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan. Haurtzaroan elkartutako lagun talde baten bizipenak izango ditu ardatz.
Landetxe batean, ezkondu aurreko agur festa ospatzen ari diren sei emakume izango dira protagonistak. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta elkarren artean lotura handia badute ere, iragana urruti da. Hasiera batean poztasuna eta elkartasunaren festa behar zuenak, tentsioaren, sekretuen eta elkarri egindako erasoen forma hartuko du berehala.
Gabilondok bere kabuz zuzendu duen bigarren film luzea da Erlauntza lana, eta Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz aktoreek haragituko dituzte komedia kutsua izango duen kontakizunaren pertsonaiak, antzerki obra antzeztu zuten berberek.
Fikako (Bizkaia) landetxe batean errodatu zuten udan, hamalau eguneko epean, eta eskaraz zein gaztelaniaz filmatu zituzten sekuentziak. Izan ere, filma bi hizkuntzatan eskaintzea da asmoa. Fernando Bernues arduratu da lanaren ekoizpenaz; David Bernues eta Xabier Lozanoren esku egon da argiztapena; Kepa Errastik idatzi du gidoia; eta, azkenik, Ana Turrillas aritu da arte zuzendari gisa.