Etxeko Zinemaren Eguna ospatuko mundu osoan datorren urriaren 17an. Euskadiko Filmategiak eta Tabakalak eskainitako babesari esker, ospakizunetara gehituko da Elias Querejeta Zine Eskola, eta Artxiboa ibilbideko ikasle talde batek egindako proposamena aurkeztuko du.
Duela oso gutxira arte, ez zen egun dena bezain erraza gure inguruan gertatzen zena erregistratzea. Kamerak eta pelikulak ez zeuden edonoren eskura, eta kasu berezietan bakarrik filmatzen zen, hala nola ospakizunak edo gertaera oso bereziak zeudenean. Gure intimitatean jasotako irudi sorta horiek leiho bat izan ohi dira gure iraganera, baina baita filmatu ziren garaiko gizartera ere. Zoritxarrez, grabazio guztiak ez dira mantendu eta oroitzapen horietako asko desagertuta daude jada.
Hain zuzen ere, premisa horietatik abiatu, eta bakoitzaren ondare filmatuari dagokion balioa eman, hura berreskuratu eta komunitatearen oroimenera ekartzeko helburuz atondu dute EQZEko Artxiboa ibilbideko ikasleek urriaren 17ko topaketa.
Tabakaleran (Plaza) bertan elkartuko dira horrelako materialak jaso (Super-8, mini DV, VHS, etab.), zer egoeratan dauden aztertu eta haiek behar bezala kontserbatzeko jarraibideak partekatzeko. Gainera, materialki erabilgarri eta kalitatezkoak badira, film horietako batzuk proiektatzen ahaleginduko direla iragarri dute.
Halaber, ikastaro bat eskainiko dute material filmikoa, magnetikoa eta digitala kontserbatzeko jarraibideak irakasteko. Iraganeklo ereduari jarraiki, kolektiboki filmatutako etxeko pelikula bat proiektatuz emango diote amaiera ekitaldiari.
Egitaraua
17:00etan, Etxeko pelikulen bilketaren hasiera
19:00etan, Etxeko pelikulak kontserbatzeko tailerra (edukiera mugatua)
20:15ean, Kolektiboki filmaturiko etxeko pelikularen proiekzioa (edukiera mugatua)