Euskal literaturaren eta euskal idazleen aurka egin zituen adierazpenen berri izan arte, ezertxo ere ez nekien Fernando Arambururi buruz. Gezurrezkoak gertatu ziren Lagun liburudendan, Ramon Saizarbitoria aurrean zuela, arratsalde hartan esandakoak (Aramburuk berak geroago jendaurrean aitortu zuenez). Handik gutxira, irakurri nuen Patria izeneko nobela baten egilea ere bazela, eta eleberri horrek «Gauza» zuela hizpide. Azkenik, jakin nuen adierazia zuela «nazionalismoari» prestigioa kentzeko idatzi zuela liburua.

Gauzak horrela, ez nuen nobela irakurri. Nolanahi ere, aspaldi honetan hainbeste hauts harrotu dituzte telesailaren filmaketarekin eta publizitate kanpainarekin (eta, inuxenteki, HBO prestigiotsua tartean zebilela entzun nuelako), pentsatzera heldu bainintzen telesailak eleberriak baino itxura hobea zuela. Tira; usteak ustel. Ez nuen espero-eta kontakizun osoaren oinarria hain artifiziala eta sinesgaitza izatea. Liburuan ere hala ei da.

Zeren, nork sinets lezake ETAk hildako herritar baten alargunari jaioterrira bueltatzea eragotziko diotela, gainera, noiz eta erakundeak, behin eta betiko, armak utzi berritan? Ba, horixe da Patriaren muina eta abiagunea. Jakina, oinarriak kale egiten duenean gainean erakitzen den guztiak koloka egingo du; eskerrak zenbait interpretaziok (batez ere, Ane Gabarain, Eneko Sagardoy eta Jon Olivares) eta ondo ekoitzitako sekuentzia banaka batzuek lardaskeria apur bat aritzen duten.

Gauza asko esan litezke Patriaren manikeismoaz baina, ez luzatzearren, esan dezadan idazle donostiarraren tesi alderdikoietatik abiatuta, nekez atera daitekeela propaganda ofiziala ez den ezer. Alde horretatik, zeharo pinillatarra iruditu zait kontakizunean erabiltzen den trikimailu baldar zabarra. Izan ere, Donostiarrak —Getxoko idazleak bere nobeletan bezalaxe— ezabatu egiten du «elementu espainola» pertsonaia nagusietatik. Garbi dago: Aramburuk, liburuan, eta Aitor Gabilondok, telesailean, josi nahi zuten tramak (baldin eta sinesgarri egin nahi bazuten hainbeste herritarrek —baita herriko apaizak berak ere— emakumeari aurka egitea kalean, harategian, etxean…) guardia zibil baten emaztea-edo eskatzen zuela…, eta ez herriko enpresari baten alarguna. Baina ez. Horrek (antza) agerian utziko bailuke beste nazionalismo bat ere badagoela. Eta horregatik gertatzen da dena hain bortxatua Patrian. Eta horrela ezin da. Nire lagun batek dioen moduan: kaka zahartxu bet. Hara; guztiz bat nator Iban Zalduarekin, esaten duenean Jokin Muñoz, Bernardo Atxaga edo Xabier Montoiaren «Gauzari» buruzko liburuak direla pantailara egokitu beharko liratekenak. HBO, bizkortu hadi, ikusleak —baita espainolak ere— ez dira hain txepelak-eta.