Bizkaian jarduten duten Endika Basaguren artistaren, eta Hemen eta Sra. Polaroiska artista-kolektiboen egunerokoa eta sorkuntza-prozesua jarraitzen ditu Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk gidatutako Margolan bat oparitzen didazu? dokumentalak. Asteburuan Madrilgo Nazioarteko Zinema Jaialdiko sail ofizialean eta Directed by Women jaialdian eskainiko dute.

Argazkigintza, pintura, eskultura, moda, dantza eta ikus-entzunezkoa bezalako arte adierazpideak lantzen dituzten artista kolektibo erreferente eta garaikideek erronka garrantzitsua dute esku artean: gure etorkizuneko kultur memoriari forma ematea eta berau balioan jartzea. Horregatik, Urgoitiak eta Reyk gidatutako dokumentalak Bizkaiko hiru artista kolektiboren jarduna jarraitzen du: Endika Basaguren marrazkilari, argazkilari eta instalazio zein performanceen egilea; Markel González, Uxue López eta Estela Miguel artista plastikoek osatutako Hemen kolektibo gaztea; eta Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe sortzaile polifazetikoen Sra. Polaroiska kolektiboa. Sorkuntza prozesuen, merkatuaren, garaikidea lantzeak eragiten duen segurtasun faltaren, artistaren bakardadearen, norberarekiko konpromisoaren eta sormenaren sabaiaren inguruko hausnarketa egingo du filmak.

Bitart New Mediaren ekoizpenak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen 2019an, eta Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiaren II. Networking Foro Profesionalean hautatua izan zen.

Bada, ekainean hasi zuen jaialdietako bira, eta II. Dramatique Festibal. Cine hecho por mujeres y disidencias on-line jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen. Asteburu honetan, halaber, bi zita garrantzitsu izango ditu: batetik, Madrilgo Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 29. edizioaren sail ofizialean izango da ostiralean, hilak 9, 20:30ean. Igandean, ostera, Directed by Women jaialdiaren VI. edizioan lehiatuko da, Mallorcako Arte Garaikidearen Museoan, 21:00etan.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen.