Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten Kameratoia film laburren rallyaren 16. edizioa azaroaren 13tik 15era egingo dute, eta deialdian izena emateko epea atzo, urriak 7, zabaldu zuten, azaroaren 7ra arte. Aurtengo ekitaldia berezia izango da, eta parte hartzaileek online helarazi beharko dute materiala.
Pandemiak eragindako egoeraren aurrean, Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak Kameratoia ikus-entzunezko rally arrakastatsuaren formatua iraultzea erabaki dute aurten, eta hala, parte hartzaileek Lekeitiora bertaratu gabe, nork bere bizitokian osatu beharko du zehaztutako baldintzen araberako lana. Horretarako, ohi bezala, bi eguneko epea izango dute: azaroaren 13tik 15era, ostiraletik igandera. Eta eguerdiko 12:00etarako entregatu beharko dute materiala, online, baita ere.
Segidan, hilaren 16tik 19ra, film labur guztiak Euskal Zine Bilera jaialdiaren webgunean egongo dira ikusgai, publiko orokorrak gustukoenaren alde bozkatu dezan. Eta irabazleak azaroaren 22an iragarriko dituzte, jaialdiaren itxiera ekitaldian. Hiru irabazle egongo dira: 1.000 euroko film labur onenaren saria, Topagunearen DemaSA lehiaketan parte hartzeko eta Laburbira zirkuituan eskaintzeko sailkatuko dena; 600 euroko bigarren saria; eta 100 euroko ikusleen saria, Lekeition asteburu bat igarotzeko aukera ere eskainiko duena.
Epaimahaia, hain juxtu, Aitor Arregi gidoigile, zuzendari eta irakasleak, eta Izibene Oñederra animaziogile eta irakasleak osatuko dute. Bada, Arregik berak paper garrantzitsua izango du aurtengo edizioan, izen-emate deialdiaren irekiera iragartzeaz gain, parte hartzaileen aholkulari eta gidari lanetan ere ariko delako lehiaketa osoan zehar. Hala, lehiaketa baino egun batzuk lehenago masterclass bat eskainiko die, eta grabaketak egin bitartean, azaroaren 13tik 15era, lehiakideen galderak erantzuten egongo da.
Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko, sartu hemen.