Sahararen Aldeko Elkartasun Astearen baitan, Ekain Albite zinemagile zumaiarraren Haizearen egia laburra emango dute gaur 19:00etan Donostiako Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan. Proiekzioa Euskal Fondoaren eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkartearen ekimenez egingo dute.

Zumaiako Darahli elkartearen bidez, Saharatik etorritako gazteen errealitatea ezagutzeko aukera izan zuen Albitek haurra zenetik, eta elkartasun indarrari zor, film laburra osatzeko beharra sentitu zuen. Izan ere, Albite zinema-zuzendaritza ikasten ari da Bartzelonako ESCACen, eta lehen aldiz aritu da zuzendaritza profesionalean. Filmak 20 urteko Tahar gaztea du protagonista. Euskal Herrian bizi bada ere, familia Tindufeko errefuxiatuen eremuan du, eta aita hilzorian dagoela esango diote. Saharar gaztea etxera itzuliko da, eta aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioa), iraganeko oroitzapen eta kontraesanei aurre egin beharko die.

Maluta Filmsek ekoitzitako lanak Zumaiako eta Zestoako Udalen, Euskal Fondoaren, Darahli Elkartearen, Wadna Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso zituen, eta iragan irailaren 10ean estreinatu zuten Zumaian.

Bada, gaur, urriak 8, Sahararen Aldeko Elkartasun Astearen inguruan egiten ari diren jardueren baitan, Donostiako San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan proiektatuko dute, iluntzeko 19:00etan. Sarrerak agortuta daude, segurtasun neurri zorrotzak tarteko.