68. Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema sailean parte hartu ostean, Asier Altuna zinemagileak Juan Mari Arzak eta Elena alabaren jatetxeari buruz egindako ARZAK Since 1897 dokumentala asteburuan (urriak 9) estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Ostalaritza ikastea erabaki zuenean, zera erantzun zion amak Juan Mariri: egin zezala etorkizun handiagoko karrera bat. Harrez gero joan diren hirurogehi urte hauetan, gastronomiak sekulako prestigioa hartu du gizartean. Juan Mari bilakaera horren parte garrantzitsua izan da. Eta Arzak, Donostiako Mirakruz gainean kokatutako familiarteko jatetxea, munduko jatetxerik onenetakoa da azken urte hauetan. Belaunaldi berri baten txanda da orain. Elena Arzakek, Juan Mariren alabak, hartu du aitaren testigua. Erretiratzeko momentua iritsi zaio Juan Mariri, bere ibilbideari errepasoa emateko unea.
Arzak jatetxeak 1897an ireki zituen ateak. Eta 100 urtetik gorako ibilbide gastronomikoaren ondoren, hiru hamarkadatan 3 Michelin izar jaso dituen mundu mailako jatetxe bakarrenetakoa da. Baina, nola egiten diote aurre aita-alabak belaunaldi errelebuari? Nola hartuko du Juan Marik negozioa alabaren esku uztea? Eta nola hartuko du Elenak sukaldaritzan hain ospe handia duen abizenaren ardura bere gain hartzea? Galdera horiei erantzuna emateko asmoz, Asier Altuna zinegile bergararrak dokumentala zuzendu du. Bertan, Juan Mari Arzak beraz gain, Juan Mari Arzak alaba, Ferran Adrià, Pedro Subijana, Joan Roca, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, David Muñoz eta beste hainbat sukaldari azalduko dira. Baita, Igor Zalakain, Xabi Gutierrez eta Kontxi Berabide lan-taldeko kideak ere.
68. Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema saila inauguratzeko aukeratu zuten filma izan da, eta orain, urriaren 9tik aurrera, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan egongo da ikusgai.