Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean sortutako Erraiak (2018) filma Rome International Movie Awards jaialdiko dokumental onena izendatu dute. Horrez gain, dokumental laburrik onenaren saria eta ikusleen saria jaso ditu Los Angelesko Legendary Doc Film Festival jaialdian.

Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz, Erraiak dokumentalak irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa proposatuko du. Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean egindako proiektua da, ordu erdi pasatxo irauten duena, euskara hutsean filmatutakoa, eta sariak pilatzen ari dena. Uztailean film labur dokumental onena izendatu zuten VI. Montevideo World Film Festivalean (Uruguai), eta orain, horiei Los Angelesen (AEB) eta Erroman (Italia) lortutakoak. gehitu behar zaizkie.

Film laburrei eskainitako atalean lehiatu da Erroman, eta sari nagusia eman dio epaimahaiak, jaialdiko dokumental onenarena. Itsasoz bestaldean, aldiz, bi errekonozimendu egin dizkiote lanari: dokumental laburrik onenaren saria eta ikusleen saria jaso ditu Los Angelesko Legendary Doc Film Festival jaialdian.

Lana gainera, ikusgai dago Filmin online plataforman. Ikus-entzuleek irrintzia gure artean noiztik dagoen eta XXI. mendean oraindik ere bizirik jarraitzen duen ezagutzeko aukera izango dute jardunarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzen bitartez. “Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?”.