Urriaren 4tik 13ra egingo dute aurten BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren ekitaldi berria, eta bertan Pakistango Karakorum mendi lerroan lan egiten duen nazioarteko lankidetzako Baltistan Fundazioa gobernuz kanpoko erakundeak jasoko du 2020ko WOP – The Walk On Project saria.

2001ean, Felix Iñurrategi alpinista Karakorum mendi lerroko Gasherbrum II zortzi milakoan zendu ostean, haren lagun eta senideek sortu zuten Baltistan Fundazioa. Lehen helburua bertako herritarrei garapen ekonomiko iraunkor eta parekidea lortzeko azpiegiturak eskaintzea zen, eta urteak aurrera, emakumeen ahalduntzean eta gizartearen garapen ekonomiko eta sozialean dihardute lanean, ingurumenaren, laneratzearen, hezkuntzaren, duintasunaren eta osasunaren arloetan.

Bada, WOP fundazioak eta Mendifilmek, 2020ko WOP – The Walk On Project sariaren bidez, Baltistan Fundazioak islatzen duen konpromisoa nabarmendu nahi izan dute. “Haienak bezalako adibideak oso beharrezkoak dira egun mundu mailan bizi dugun testuinguru berezian”, azaldu du Mikel Renteria WOP fundazioaren zuzendari nagusiak.

Zazpigarren urtea da Mendifilm jaialdian saria banatuko dutena; aurretik, Drawn filmak (2014), Josep Manuel Anglada mendizaleak (2015), Sir Chris Bonington alpinistak (2016), Peter Habeler mendizaleak (2017), Juanjo San Sebastian alpinista (2018) eta Nieves Meroi eta Romano Benet (2019) alpinistek jaso dute aintzatespena.

Informazio gehiago, hemen.