Nazioarteko Zine eta Bideo Esperimentalaren Bideodromo jaialdia egingo dute egunotan BilbaoArten, gaur, urriak 6, hasi eta hilaren 22ra arte. 2020an ekoitzitako lan esperimentalen hiru emanaldi, euskal obren online saio berezia eta Liane Lang artistak gidatutako workshop tailerra izango dira jarduera nagusiak.

Izaera esperimentala duten fikzio, ez-fikzio, saiakera, dokumental, animazio eta orotariko iraupen eta formatuko lanak biltzen dituen festibala da Bideodromo. Estilo, forma eta jatorri anitzeko lan esperimentalak ikusaraztea du helburu, kalitatezko lan ezberdin eta garaikideak ikusleen eskura jarrita. Nazioarteko sortzaileen bilgunea da, eta Euskal Herrian BilbaoArten du egoitza. Zinemagintzaren topagune izateaz gain, kultura partekatzeko eta ikaskuntza sustatzeko espazio ere izan nahi du.

Jaialdia urriaren 6tik 22ra luzatuko da, eta hiru atal nagusi izango ditu. Batetik, sail ofizialeko emanaldiak eta finalisten saioa egingo dituzte urriaren 6an, 13an, 20an eta 22an. Sarrera doakoa izango da, baina egunean bertan egin beharko da erreserba 9:00etatik aurrera 94 415 50 97 telefonoan (sarrera mugatua izango da). Egitarau osoa kontsultatzeko aukera duzue hemen, baina besteak beste, AEBetako, Alemaniako, Frantziako eta Taiwango lanak izango dira ikusgai.

Bigarren atala, ostera, euskal sorkuntzei eskainitakoa izango da. Hilaren 7an, 19:00etan, sarean jarriko dituzte Zazpi T’erdi kolektiboaren, Oier Fuentesen, Amaia Vicenteren, Javier Rodríguez Pérez-Curielen eta Beatriz Zaniedbanieren lanak, besteak beste. Hamabi ekoizpen izango dira, orotara, eta 20:00etatik aurrera, Carlos Gil Santa Eugeniaren Sin Palabras lanaren zabaldutako bideo-akzioa emango dute.

Hirugarren jarduera, azkenik, urriaren 6tik 8ra, goizeko 10:00etatik 14:00etara, Liane Lang eskultore, argazkilari, margolari eta zinemagileak eskainiko duen zinema esperimentalari buruzko workshopa izango da: Animacy Agency Artifice. Sarrerak 15 euro balioko du. Jarduera praktikoen, proiekzioen eta pieza esperimental laburren bidez, stop motion eta timelapse teknikak zein bideo-instalazioak nola egin erakutsiko die parte-hartzaileei.

Gainera, urriaren 8tik hasita, Ana Mateyren Retratos en mi ventana erakusketa bisitatzeko aukera izango da BilbaoArten, 51 egun, 51 bideo eta 51 kolaborazio biltzen dituen proiektua. Eta Raquen Asensiren He aprendido tu lenguaje para poder conservar mi lengua erakusketa urriaren 5etik 22ra ikusi ahal izango da.

Jaialdiaren inguruan gehiago jakiteko, sartu hemen.