Gaur bertan, urriak 5, abiatuko dute Iturramako eta Sanduzelaiko Civivox zinema aretoek erregularki antolatzen duten Zinemako Heroiak zikloaren edizio berria. 2021eko urtarrilaren 19ra arte, emakumezkoak ardatz dituzten zazpi lan eskainiko dituzte arratsaldeko 18:00etan, eta sarrera librea izango da aurrez izena emanda.

Zinemagintzan, kultur adierazpide orotan bezalaxe, zaila izaten da ohiko genero-estereotipo eta roletatik aldentzen diren sorkuntzak topatzea. Eta ikus-entzunezkoek gure erreferentziazko iruditerian duten eraginaz jabetuta, andrazkoen bestelako unibertsoak ikusarazten dituzten filmak eskaintzeko helburua du Iruñeko Civivox zinema aretoetan urtean bitan eginten duten Zinemako Heroiak zikloak.

Bada, otsailetik maiatzera egitekoak ziren emanaldi-sorta bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz, eta horren ostean, gaur bertan, urriak 5, ekingo diote ziklo berriari. Hilean bi film emango dituzte Iturramako eta Sanduzelaiko aretoetan, tartean, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak 2014an aurkeztu zuten ibilbide oparoko Loreak ederra.

Zikloa zabaltzeko, aldiz, Björn Runge britainiarraren The Wife proiektatuko dute gaur Iturramako aretoan, eta hilaren 13an Sanduzelaikoan. Glen Closek emakumezko aktore onenaren Urrezko Globoa jaso zuen filmean egindako lanagatik, eta beste hainbat sari eskuratzeko hautagaia izan zen; bertan, Literaturaren Nobel Saria erdietsi duen Joe Castleman idazlearen emazte ustez perfektuaren papera egingo du.

Egitarau osoa kontsultatzeko, sartu Iruña Kultura Da atarian.