Donostia Zinemaldia bukatu berritan, zinemak ez du etenik. Izan ere, gaurtik hasi eta hilaren 11ra bitartean, nazioarteko zinegileen lehenengo edota bigarren lanak erakutsiko dituzte Donibane Lohizunen. Zazpigarrenez ospatuko dute Festival International du Film de Saint-Jean-de-Luz jaialdia, eta bertan lehiatuko da Lara Izagirre zornotzarraren Nora filma.
Zinemagintza arloko profesionalen arteko topagune izateko asmoz jaio zen FIFSJL zinema jaialdia, eta pixkanaka-pixkanaka ari da bere bidea egiten. Zazpigarren ekitaldia izango du aurtengoa, eta koronabirusaren pandemiaren mehatxupean bada ere, Donibane Lohizuneko Cinéma Le Sélect aretoan proiektatuko dituzte programatutako lanak. Sail ofizialean 10 film luze lehiatuko dira, eta tartean Lara Izagirre zornotzarraren Nora filma izango da. Urriaren 6an, 14:30ean egingo dute lehenengo ikustaldia, eta hilaren 7an, 22:00etan, bigarrena.
2018ko Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Foroan garatzeko hautatu zuten Nora proiektua, eta ikus-entzuleen aurrean 68. Donostia Zinemaldian erakutsi du Izagirrek aurrenekoz, Zinemira sailean. Drama eta komedia uztartzen dituen euskal road trip–a da zornotzarraren bigarren film luzea, aitona hil eta hark utzitako Dyane 6 zahar batean bere errautsak amonaren ondora eramateko bidaia egingo duen 30 urteko emakumea protagonista duena.
Sail ofizialean lehiatuko diren filmez gain, film laburrei tartea ere eskainiko diete Donibane Lohizunen urriaren 11ra bitartean ospatuko duten Festival International du Film de Saint-Jean-de-Luz jaialdian.