Zuzendariak: Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas

Urtea: 2020

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA

Bi urte, lau hilabete eta egun bat (2020) filmean ikusi genuen bezala, kutxa batek gotortzen dituen sekretuak desestaltzearekin batera hasten da  Non dago mikel?, Izarfilms produktorearen babesean garatutako azken filma. Lehenengoak, intsumisioa egotzita, ziegan pasatako egunen oroitzapenak gordetzen bazituen; bigarrenak, aldiz, ihes eta desagerpen bezala saldua izan zen erailketaren memoria gordetzen du, garaian, Zabalza familiari ailegatu zitzaizkion babes (baita gorroto) gutunen forman.

Nola hurbildu halako gai latzera? Bete-betean asmatzen dute bidea Amaia Merinok eta Miguel Ángel Llamasek, Zinemaldian estreinatu zen dokumental honetan. Filma proiektatu eta gero Trueba zinemako areto batean zuzendariek aipatu zutenaren arabera, urteak zeramatzan Llamasek proiektuarekin eskuartean, Mikel Zabalza Gogoan elkartearekin harreman estuan. Mikel Zabalzaren istorioa kontatzera batu zen hurrengoa Amaia Merino izan zen, Ekuadorren hainbat urte eman eta gero Euskal Herrian bueltan zena. Proiektura batzen azkena Izaskun Arandia produktorea izan zen, aurrera eramaten lagundu duen lan zirraragarrienetariko batekin topo egin zuela aitortu duena.

1985eko azaroaren 25eko gauerdian, etakide izatea egotzita, Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuen, bere inguruko beste bost pertsonekin batera. Hogei egun geroago, bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen. Mikel atxilotua izan zenetik ehorzketa ospatu zen egunera arteko errepasoa egiten du filmak, gertakariak berreraikitzeko, bai garaiko artxibo filmikoaz zein gertukoekin elkarrizketak aurkeztuz.

Zeukaten material guztiarekin zer egin erabakitzeko orduan, zaila izan zutela gogoratzen dute Miguel Angelek eta Amaiak. Azkenean, egun horietan gertatutakoa kronologikoki biltzea erabaki zuten. Gauzak noiz eta nola gertatu ziren azaltzea nahikoa iruditzen zitzaien, gaurkotasunetik abiatzen den analisi eta salaketari ateak irekita utziz. Halaxe lortu izan dute, errespetuz bezain beste, sakontasunez ere, Mikeli gertatutakoa eta bere familiak, ondorioz, jasandakoa erretratatzea. Modu zintzoan gerturatzen dira ere hilketak kalean izandako oihartzunera; Mikelen lankideek abiatutako protestatik hasita, ehorzketaren egunean Donostiako kaleak astindu zituen manifestaziora.

Eztarria korapilatzea saihetsezina da dokumentala ikustean, Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturak deskribatzen direnean, edota Guardia Zibilaren abokatuak, lasai-lasai, gezurrak zin egiten dituenean. Tentsioa leuntzeko, Zabalza familiako neska gazteak urteetan zehar familiaren etxean sekretu mingarri bezala gordetako gertakariez mintzo dira. Familiak 1985eko aste horietan jasotako gutunen artean arakatzen, herri oso baten memoriari heltzen diete. Behingoz gutunen kutxa irekitzeak, txikitatik gurasoen ondoan bizitako dolua ulertu, eta haien buruetan hazi den erresumina  adierazteko balio die. Hitzetan jartzen da, paperan eta tintan gorpuztu egiten da, estatuak desagerrarazten saiatu den guzti hori.

Nik hitz hauek idazten ditudanerako, Zinemaldia amaitu eta sariak banatuak izan dira. Zinemira sailean aipamen merezia jaso izan du, dagoeneko “Non dago Mikel?” lanak. Errekonozimendu hori meritu osoz irabazi du filmak, zalantzarik gabe. Gainera, Zinemaldiaren ildo komertzial eta nazioartekoaren arrakalen artean horrelako obrak aurkitzea beti da pozgarria. Kasu honetan, itzela izan da Mikel Zabalzaren istorioa aurkeztu eta gaurkotasunez jantzi izan duten horien lana. Zabalzatar neska gazteek dioten moduan, belaunaldiz belaunaldi, aurrera egingo du egiak; nork (eta nori zuzenduta) esaten du, ordea, gezurra?