Urritik abendura arte Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eskainiko duten zinema eskaintzaren berri eman dute. Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturako Zinema Unitateak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean atondutako egitaraua asteazkenetik larunbatera osatuko da, eta Éric Rohmer, Pascale Ogier eta Kinuyo Tanakari eskainitako fokuak izango dira nagusi.
Udazken-neguko zinema eskaintza argitu du Tabakalerak, eta ohi bezala filmen emanaldiak programatzeaz gain, ikasturte berrirako hainbat jarduera eta ekintza prestatu dituzte: mintegiak, zikloak, zuzeneko musika, Santos Zunzunegui eta Zinearen historiak atala, Eskolatik programa… Irailaren 30ean hasita, astero-astero, asteazkenetik larunbatera bitartean izango dituzte ikus-entzuleek hitzorduak. Lehen hilabete hauetako protagonista nagusia, baina, Éric Rohmer Nouvelle Vague mugimendu frantziarreko buru teorikoa izango da. Ehun urte bete dira Godard, Rivette, Chabrol edo Truffauten “aita espirituala” jaio zela, eta Euskadiko Filmategiak bere filmografiaren zati bat eskainiko du datozen hilabeteetan.
Frantziatik urrundu gabe, Pascale Ogier aktore paristarrari atzera begirakoa ere eskainiko diote Tabakaleran, izan ere, Rohmerren ibilbidean mugarri izan ziren zenbait filmetan aktore eta arte zuzendaria izan zen, eta 1980ko hamarkadako Frantziako hiriburuko pop kulturaren irudi enblematikoa bilakatu da. Jean-Claude Brisseau, Jacques Rivette, Ken McMullen eta Jim Jarmusch zuzendariekin eginiko lanak berrikusiko dituzte abendura bitartean.
Bestalde, zinema japoniarraren historiako izarrik ospetsuenetako bat bilakatu den Kinuyo Tanaka aktore eta zuzendariaren hiru film emango dituzte Tabakaleran, Japan Foundation eta Emakumeen Etxearen lankidetzari esker berrespuratutakoak dira, hirurak ere 35mm-tan filmatutakoak. Tanakak bere bizitza osoa zinemari eskaini zion, eta horren isla da 1953az geroztik 250 pelikula baino gehiagotan parte hartu duela.
Horrez gain, Fassbinder zikloaren proiekzioetara bertaratzeko aukera ere izango da. Gainera, Fantasiazko eta beldurrezko Zinemaren 31. Asteak 3 film klasiko programatuko ditu azaro hasieran, eta Peio Aguirrek komisariatutako Kutxa Kultur Artegunea erakusketa-aretoan ikusgai dagoen Néstor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketarekin batera, urriaren 1ean proiekzio berezi bat izango da.
Musika eta mugimenduan dauden irudiak
Martxoaren 31n hil zen Rafael Berrio musikari, abeslari, poeta eta zinemazaleari omenalditxoa egiteko tartea ere badu ikasturte berriko lehen hiruhileko programak. Urriaren 17an (larunbata), 19:00etan, bere Absolución. Canciones de Rafael Berrio (La Veleta, 2020) liburua aurkeztuko dute. Irakurraldiak, bertsioak, proiekzioak eta Rafael Berrioren sortzaile, lagun eta miresle ugari izango dira omenaldi berezian. Jonás Trueba zinegile, editore eta Rafa Berrioren lagunak aurkeztuko du saioa. Urriaren 24an, aldiz, jatorrizko soinu banda onenaren Goya saria irabazi zuen El reino (Rodrigo Sorogoyen, 2018) filmeko soinu banda zuzenean interpretatuko du Olivier Arson konpositoreak berak.
Kontatutako zinema atalari dagokionez, Carlos Marques-Marcetek emango du lehenengo hitzaldia azaroaren 7an, eta Els dies que vindran lanaren prozesua aurkeztuko du. Abenduaren 12an Itsaso Arana gidoilariak La Virgen de agosto filmaren grabaketa-egunerokoari buruzko solasaldia eskainiko du, eta Soleá Morentek filmeko eta bere diskografiako abestiak abestuko ditu zuzenean. Bezperan, hilaren 11n, Jonás Truebak zuzendutako filma proiektatuko da zinema aretoan.
Hasieratik. Zinema feministaren istorioak fokua ere bueltan dator, zinearen historiaren kanonetik kanpo geratu diren emakume zinegileak eta haien filmak deskubritzen jarraitzeko. Lehen saioa, urriaren 31n, Jackie Raynali eskainiko diote: Éric Rohmerren muntatzailea, zinemagilea, aktorea, eta 1973tik aurrera, New Yorkeko Bleecker st. cinema programatzailea izan da.
V. Nazioarteko zine-mintegia
Urtero bezala, nazioarteko zinema-mintegiak elkarrizketa zuzena proposatzen du zinemari eta ikusizko arteei eskaintzen diegun erakusketarekin, kasu honetan Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketarekin. Azaroaren 25etik 28ra egingo dugu mintegia, Elías Querejeta Zine Eskolarekin zuzeneko lankidetzan. Aurten “Non dago zinema?” galderaren inguruan antolatuko dugu.
Gainera, Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketa, Kameleoiak Gara! Zinema familiei eskainitako programaren hurrengo saioetarako abiapuntu ere izango da. Stan Brakhageren Mothlight (1963) zine esperimentaleko klasiko batetik abiatzen da egingo den tailer familiarra, eta zeluloideari gainean tintekin lan eginez film kolektibo bat egitea proposatzen du.
Emanaldiak asteazkenetik larunbatera izango dira, 19:00etan, eta zinema abonua urte amaierara arte erabili ahal izango da. Zine-aretoak baldintza bereziak izango ditu ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko: edukiera % 60an mantenduko dute, 132 eserleku izango dira erabilgarriak. Eserlekuak zenbakituta daude eta aretoan esertzeko lekua topatzeko laguntza eskainiko da.
Zine programari buruzko informazio guztia kontsultatu, hemen.