Pandemiak eraginda streaming bidezko saioak eskaintzera behartuta egon ostean, Bilboko Fas Zineklubak aurrez aurreko emanaldiak berreskuratu zituen uztaila hasieran, eta orain berriz, 2020-2021 denboraldiari ekiteko prest azaldu dira. Irailaren 24an proiektatu zuten ikasturte berriko lehenengo filma, eta gaur bertan ekimenak jarraipena izango du. Ana Serna eta Paula Iglesiasen El aleteo de la mariposa film laburra aurrena, eta Agnes Varda zinegile frantziarraren La Bonheur lana emango dituzte.
Bilbotarrek ondo lotuta izan ohi dute astearte iluntzeetako plana. Zinemaz gozatzeko hitzordua dute hirian, El Carmen aretora hurbildu eta zirkuitu komertzialetan tokirik izaten ez duten filmak ikustekoa hain zuzen ere. Hasi berri den ikasturtean, gainera, zinemazaleek zaharberritutako aretoa izango dute etxe, izan ere, pandemiaren eraginez hilabete luzez itxita izan dute eta erreformak egiteko baliatu dute arduradunek. 164 eserleku izango ditu egoitza berriak.
Koronabirusa gora eta behera, zinema eskaintza ez etetea erabaki zuten FAS Zineklubeko kideek, eta streaming bidezko saioak prestatu zituzten uda iritsi bitartean. Uztailaren 7an egin zuten aurrez aurreko lehenengo emanaldia, eta orain, 2020-2021 denboraldiko programari ekin diote. Irailaren 24an zinema afrikarrari omenalditxoa eginez inauguratu zuten ikasturte berria —Bamakon jaiotako Souleymane Cissé zinegileak zuzendutako Yeelen lana proiektatu zuten— eta gaur bertan asteroko hitzorduarekin aurrera jarraituko dute. 19:45ean, Ana Serna eta Paula Iglesiasen El aleteo de la mariposa film laburra aurrena, eta Agnes Varda zinegile frantziarraren La Bonheur lana emango dituzte.
Sarrera aldez aurretik eskatu beharko dute interesatuek info@cineclubfas.com helbide elektronikora idatziz edota zineklubeko telefono zenbakira deituz, eta behin aretora iritsita, gel hidroalkolikoa eman beharko dute eskuetan. Segurtasun-neurri zorrotzak eta babes-protokoloak jarraituz, edukieraren erdia baino ez dute ahalbidetuko, eta hitzordura gerturatzeko beharrezkoa izango da musukoa eramatea.