Tolosako Topic Museoak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako “ad hoc” diseinatutako erakusketa aurkeztu berri dute: ‘Alegiazko izakiak’. Irailaren 25ean inauguratu da Okendo Kultur Etxean, eta irekita egongo da azaroaren 9ra arte.

“Biltegietako bazter guztiak nahasi ditugu pieza egokiak eta aukerakoak aurkitu ahal izateko, eta erronka eta lan zoragarria da hori, beti topatzen duzulako txotxongiloren bat hor nonbait ahaztuta zegoena, edo konturatu egiten zara azkenean aukera duzula argitara ateratzeko sortuak izan zirenean estetikoki hain zorionekoak ez ziren haiek (edo hura) eta, horregatik beharbada, geratu zirela plano ezkutuago batean baztertuta”, azaldu du María San Sebastiánek, Topic zentroko museologia arduradunak.

Erakusketaren diseinuak pertsonaiaren tipologiari edo arketipoari jarraitzen dio. “Asko dira helduentzako txotxongiloen obrak, ‘beldurrezkoak’ edo izu-ikara sortzen dutenak; xedetzat duten publikoa, ordea, mugatuagoa Topic-en”. Hala, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baita erakutsiko dituzte panpinok.

Erakusketa hau publiko orori zabaltzea da asmoa. Izan ere, izaki batzuk, heldu batzuentzat edo kultura jakin batzuentzat beldurgarriak izan daitezkeenak, ez dituzte halakotzat hartzen haurrek zein beste jatorri batzuetako pertsonek, eta aniztasun horrekin jolastea da helburua.