Zuzendaria: Mona Fastvold
Urtea: 2020
Herrialdea: AEB
Saila: PERLAK – Amaiera filma, lehiaketaz kanpo
New Yorken bizi den Mona Fastvold zuzendari eta aktore norvegiarraren bigarren film luzea da The world to Come. XIX. mendearen erdialdean kokatutako drama honetan, oso baldintza gogorretan bizi diren bi emakumeren bizitza aztertu eta beren esperientzien berri ematen digu. Isolamenduari aurre egiteko, irudimenak eta gizakien arteko harremanek duten garrantzia azpimarratzen ditu filmak. Filmak Veneziako zinema-jaialdian Urrezko Lehoia lortzeko lehian hartu du parte.
Amerikako ekialdeko kostaldean, bi bikotek zailtasun eta isolamenduaren aurka borrokatuko dute, fisikoki zein psikologikoki erronka ikaragarria den ingurunean. Abigail (Katherine Waterston), nekazari baten emaztea da, eta bere bizilagun berri Tallie (Vanessa Kirby) ezagutzen duenean, adiskidetasuna baino sentimendu sakonagoa sortuko da bi emakumeen artean. Abigail atsekabeturik bizi da bere senar Dyer (Casey Affleck) isilaren beharrei erantzunez. Tallie, berriz, Finney (Christopher Abbot) senarraren kontrol jeloskorraren aurrean haserreari eutsi ezinik bizi da. Bi emakumeak elkarrekin daudenean, ordea, piztu eta beren arteko lotura indartsuari esker, askatu egingo dira.
Filmaren elementurik esanguratsuena bi emakumeen arteko harremana da, haien arteko elkarrizketak pasioz beterikoak eta ederrak dira. Elkarrekin egotea bizimodu latz horretatik ihes egiteko bidea da, eta une horiek dira poztasuna sentitzeko duten aukera bakarrenetarikoak. Aktore protagonisten arteko kimika bereziki nabarmentzen da, eta sortzen den amodio-istorioa erabat naturala da.
Senarrekin duten harremana, berriz, ez da batere samurra edo gustagarria. Dyer, nahiz eta zakarra izan, ez da Finney bezain gizon bortitz eta kontrolatzailea. Hori horrela, Dyerrek ez du bi emazteen arteko harremana zapuzteko ahalegin handirik egingo, hasiera batean, oso gustura hartzen ez duen arren. Finney-k, aldiz, behin eta berriro aurpegiratuko dio emazteari ez dituela bere nahiak betetzen, eta bortxakeriaz tratatzen duela antzematen da. Aipagarria da bai Affleck eta Abbotek egiten duten lana, haien pertsonaien izaera ederki islatzen dute eta.
Abigail da istorioaren narratzaile nagusia, eta idatzizko egunkari baten bidez egiten du kontaketa. Bertan, gertaerak deskribatzeko modua ederra eta gozoa da, nahiz eta haietako asko egoera lazgarriak edo desatseginak izan. Edonola ere, filma ez da handiusteetan erortzen, eta lortutako emaitza oso gustagarria da.
Lehen aipatu bezala, emakumezkoen arteko maitasun istorio bat da, baina ez dugu ahaztu behar kontakizuna XIX. mendean kokatuta dagoela. Izan ere, garai hartako gizartean pentsaezina zen sexu bereko bi pertsonen maitasunezko harremanik onartzea. Beraz, errealitate horiek azaleratzeko modu egokitzat jo daiteke filma.
Alderdi zinematografikoari dagokionez, ondo zainduta dago eta pertsonaiak bizi diren ingurunea ezagutzeko erabiltzen den tresna da. Horrekin batera, egoera desberdinetara (ilunak, argiak, alaiak, tristeak…) egokitzen da, une bakoitza behar bezala erakutsiz.
Laburbilduz, The World to Come benetako maitasunaren aurkikuntza aldarrikatzen duen antzinako drama da, XIX. mendeko emakume estatubatuaren errealitatearen berri ematen duena.