Zuzendaria: Chloé Zhao
Urtea: 2020
Herrialdea: AEB
Saila: PERLAK
Drama ukitua duen film hau Chloé Zhao (Marvel Studios-en ETERNALS film berriaren zuzendari txinatarra) eta Searchlight Pictures estudioaren arteko lehen egitasmoa da. “Jessica Nomadland: Surviving America In The Twenty-First Century” liburuan oinarrituta dago eta Frances McDormand (Fern) du protagonista nagusi, aktore onenaren bi Oscar sarietako irabazlea. Aipagarria da filmean benetako nomadek hartu dutela parte, Fernen aholkulari eta adiskideak izango diren Linda May, Swankie eta Bob Wells nomadek, hain zuzen ere. 2020ko Veneziako Zinemaldian Urrezko Lehoia eta Torontoko Zinemaldian Ikusleen Saria eskuratu ditu filmak.
Fern, 60 urte inguruko emakumea da, eta atzeraldian dena galdu ondoren, AEBko mendebalderako bidaiari ekingo dio, nomada baten moduan, karabana batean. Nevadako landa-eremuko bere herrian ere eragin zuen kolapso ekonomikoaren ondoren, ohiko gizartetik kanpoko bizimodua aukeratuko du, nomada moderno baten gisa.
Protagonista nagusi bakar baten ikuspegitik bizitzen du ikusleak kontakizuna, nahiz eta beste hainbat pertsonaia eta pertsonen istorioak aipatzen diren. Frances McDormand aktorearen lan hoberenetakoa da, Fernen izaera serioa baina itxaropentsua ederto islatzen duena. Gainera, hain emakume langilea eta zintzoa izanda, berarekiko enpatia handia sortzen du ikuslearengan eta protagonista hainbat egoeratan ikusita, zer egingo lukeen pentsarazten dio.
Pelikulako elementu deigarrienetakoa, benetako nomada horien parte hartzea da, gutxitan ikusten baitira aktore ez direnak haien burua antzezten fikziozko sormen-lan batean. Protagonistari laguntza eta adiskidetasuna eskaintzeaz gain, haien bizimodua ezagutzera ematen dute era errealistan. Besteak beste, leku batetik besterako ibilbidean lan bila aritzen dira, azoka txikiak antolatzen dituzte elkarri gauzak saltzeko, sutondoan elkartzen dira hitz egiteko, etab.
Zinematografia aldetik, bikain garatuta dago eta kokaleku bakoitzean ederki murgiltzen da kamera, AEBko paisaia desberdinak aurkeztuz, hala nola, Arizonako basamortua, elurrak zuritutako Nevadako paisaia hotza eta Hego Dakotako Badlands Parke Nazionala. Bestelako kokalekuetara (karabana, Amazonen lantegian…) ere ondo egokitzen da, eguneroko bizimoduaren zertzeladak modu bikainean eskainiz.
Nahiz eta Fernen istorioak amaiera itxia ez izan, badirudi nomada gisa jarraitzeko asmoa baduela. Halere, ez dago garbi denbora askorako izango den edo denbora jakin batean segituko duen karabanan, batetik bestera. Izan ere, hainbat unetan, familiako edo lagun baten etxean dagoenean, adibidez, nolabaiteko zalantza duela nabaritzen da bere jarreran, nahiz eta berak bizitza konbentzionalari uko egin. Horrek sortzen dio pertsonaiari gatazkarik handiena, hitzen bidez hala erakutsi ez arren, bere barnean lehengo bizimodura itzultzeko gogoa duela dirudielako.
Nomadland fikzioa eta errealitatea nahasten dituen istorio gizatiar eta ederra da, Frances McDormanden paper bikainarekin eta benetako nomaden laguntzarekin gidatua. Filmaren erritmoa geldoa izan arren, eszena bakoitza ondo zainduta dago eta helburu bat betetzeko kokatuta dago.