Begiradak – Zinema Amateurreko Zinemaldia azaroaren 16tik 28ra bitartean egingo dute. Ikertze Elkarteak antolatuta, seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta lanak aurkezteko epea urriaren 16an bukatuko da.
Ikastetxe eta kolektiboetan egindako lanak erakusteko espazioa da Begirada-Zinema Amateurreko Zinemaldia, eta ohi bezala, sortzaile amateurrei eskainitako espazio bilakatuko da. Hala, ikus-entzunezkoen alorreko kolektibo profesional, zinema-eskola edota unibertsitateetako ikasle zein zuzendariek ezin izango dute parte hartu.
Lanek 15 minutuko iraupena izan dezakete, gehienez, eta edozein hizkuntzatan errodatutakoak izan daitezke. Hala ere, gaztelaniazko edo ingelerazko azpitituluak eduki beharko dituzte, eta 2018a baino lehenagokoak izan behar dira.
Filmak bidaltzeko bi bide ahalbidetu dituzte antolatzaileek. Batetik, FestHome plataforma bidez aurkez daitezke; bestetik webgunean aurki daitekeen izen-emate fitxa betez. Bigarren bidea aukeratuz gero, lana modu pribatuan igo beharko da Vimeo plataformara, eta fitxan esteka eta pasahitza jarri beharko dira.
Emanaldietara bertaratzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, baina aldez aurretik baieztatu beharko dute asistentzia. Horretarako, izen-emate fitxa berezi bat bete beharko dute.