Zuzendaria: Telmo Esnal

Urtea: 2020

Herrialdea: Espainia

Saila: ZINEMIRA

Telmo Esnal (Dantza, Aupa Etxebeste!) euskal zuzendari ezagunak uraren garrantzia azpimarratzen duen ezohiko dokumental bat aurkeztu du. Euskal zinemaren Irizar sarirako hautagaietako bat da film hau, eta Greenpeacen Lurra saria irabazi du; Dantza lanarekin irabazi zuen lehenengoa.

Pablo Azkue argazkilari eta diseinatzaile grafiko zarauztarrak duela bi urte argitaratu zuen Ur, itsasoko erraldoia izeneko ipuinean oinarritutako filma da Urtzen. Herrikideak izanda ere, Azkuek eta Esnalek ez zuten elkar ezagutzen, baina argazkilaria zuzendariarekin harremanetan jarri eta ipuinaren berri emanez, irakurtzera gonbidatu zuen. Narrazioa irakurri eta Azkuek bertan helarazi nahi zuen mezua interesatu egin zitzaion Telmo Esnali: bizi garen munduan gelditzea beharrezkoa da nahi dugunarekin elkartzeko, daukaguna konpondu eta berriro hasteko. Garai hartan, ordea, ez zuen lortu egitasmoa gauzatzea, Agur Etxebeste! filmaren gainean buru-belarri zebilelako lanean. 2020an, ordea, konfinamendu-garaia baliatu du ia ahaztuta zeukan proiektu honi berriro heldu eta biribiltzeko. Elkarrizketak, irudiak eta musika uztartuz, euskaraz eta gaztelaniaz ekoiztuta dagoen saiakera zinematografikoa sortu du Esnalek. Nahasketa bitxi honek itsasoa eta esistentzia, ura eta euskara ditu hizpide: zer den itsasoa, nola ari garen jokatzen berarekin, ze abailatan bizi garen…

Hasiera batean, dokumentalak egitura jakin bati erantzuten diola dirudi, baina atzera eta aurrera eramango du ikuslea. Batzuetan, konfinamenduko irudiak ikusiko ditugu: Telmo Esnal bere etxean, hainbat elkarrizketa ikusten, lanean… Besteetan, berriz, ura eta Pablo Azkueren UR proiektuaren inguruko irudiak eta elkarrizketak tartekatzen dira. Honen ondorioz, ikusleak haria gal dezake, ez baitaki nola jarraituko duen filmak, estruktura zehatz baten ezak eraginda.

Pelikulan zehar jorratutako gaiek kezka handia sortzen digute gaur egun: ingurumena, COVID-19 gaixotasuna edo izurria, besteak beste. Horrez gain, hizkuntzaren gaiari ere tarte bat eskaintzen dio, eta UR hitzaz osatutako beste hainbat berba aurkeztu eta azaltzen ditu Pablo Azkuek. Gainera, UR hitza  mundu globalizatuko buruhausteekin uztartzen du.

Kontu deigarrienetako bat da obra osatzeko erabili duen eduki asko ez dela Esnalek berak sortutakoa, Internetetik ateratako elkarrizketa asko txertatu dituelako. Dokumentala izanik, klipak erabiltzea ohiko teknika da, baina kasu honetan, kanpotik eskuratutako materiala aurkezten denbora gehiegi ematen du. Dena dela, aukeratutako bideoak interesgarriak eta esanguratsuak dira, modu  egokian hautatuak.

Ikusleen kontzientzia piztea lortzen du, eta gure gizarteak pairatzen dituen arazo askoren errua gizakiarena berarena dela azpimarratzen du. Halere, egiten dituen ekarpenak ezagunak dira lehendik ere, eta berrikuntza moduan, COVID-19aren eraginaren gaineko pasarteak erantsi ditu. Hauetan, zientzialari edo gaian aditu diren beste pertsona batzuen ekarpenak zuzenean erantsi ditu.

Edizioari dagokionez, batasun handiagoa edukitzea espero bazitekeen ere, collagean hainbat jauzi daudela antzemango du ikusleak eta ondorioz, pieza batzuen egokitasuna eztabaidagarria gertatzen da.

Oro har, urak gizakiaren eta Planetaren biziraupenerako ezinbestekoa dela aldarrikatzen duen irudi bidezko hausnarketa bat da Urtzen.