Zuzendaria: Imanol Rayo

Urtea: 2020

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: NEW DIRECTORS

-Plano batek gorde ditzakeen sekretu guztiak-

Garizmendi baserrian, hezurdura bat agertzen da lurperatuta. Aurkikuntzak Araia familiaren oreka ezegonkorra apurtu eta aspaldian lurperatutako beste hainbat kontu berpiztea ekarriko du. Hil kanpaiak aditzen dira.

Bi anai (2011) filmak Zinemira saria jaso eta bederatzi urtera, Zinemaldira bueltan da Imanol Rayo, oraingoan, New Directors sailean lehiatzen; Javier Agirrek gidatutako zinematografia dotorearen eta haien pertsonaiak biribiltzen dituzten Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Iñigo Aranbururen eskutik. Thriller txukun honetan, denak bat egiten du modu txukun bezain iradokitzailean.

Zeruak ekaitzaren mehatxua gordetzen du eta haizeak bortizki astintzen ditu soroko iratze berdeak. Lur hezea ia-ia usaindu daiteke. Filmaren hasieran, batez ere, sekuentzia trinkoak dira nagusi, denboran zintzilikatzen direnak, hurrengo sekuentziak desestali dezakeen sekretua  ikusleari ematea ukatzen. Azpijoko eta sekretuen zurrunbiloa da plano bakoitza, enkoadreak eduki ezin ditzakeen indar sekretuen batura. Zurrunbilo horretan, bortxa metatuz eta metatuz doa, tentsioek eztanda egiten duten arte, amorruz betetako bortizkerian ebatziz.

Alde horretatik, primeran lortzen dute hiru aktore protagonistek familia barruko deserosotasun hori islatzea. Erresuminez jokatzen dute elkarrekin eta hirurak sakonki minduta bizi badira ere, gorroto horrek laguntzen du, nolabait, zauriak sendatzen.

Hasiera-hasieratik ikuslearen interesa sutsuki piztea lortzen du zintak. Istorioak aurrera egin ahala, baina, elementu eta trama berriak gehitu, eta ikuslearen interesa proportzionalki murrizten doa. Egia osoa jakiteko bideak ez du hasierako intentsitatea mantentzea lortzen. Hala ere, eskertzekoa da gertakizunak presarik gabe nola garatzen diren modua; bai eta, beharrezkoak ez diren korapilo narratiboak alde batera utzi izana. Ondo josia dago kontakizuna eta denboran atzera eta aurreko jauziek ez dute filmaren garapena oztopatzen.

Filmaren harian murgilduta zaudela, gogoak ez du misterioari azalpena emateko saiakerarik egiten. Hil kanpaien hotsak harrapatu egiten zaitu, eta Garizmendi baserrian jazotakoek ezartzen duten erritmoa jarraitu baino ez duzu nahiko.

Tragedia klasikoen erara, erroan ustelduta dagoen familia (herria, gizartea) aurkeztu egiten du Hil kanpaiak filmak, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarrituta dagoena. Euskal fikzioari dagokionez,  Rayok mugarria ezarri du lan honekin, eta zinema aretoetara ailegatu bezain pronto (urriaren 16an), arrakasta aurkitzen duen horietakoa izango dela deritzot.