Zuzendaria: Fernanda Valadez

Urtea: 2020

Herrialdea: Mexiko, Espainia

Saila: HORIZONTES LATINOS

-Biktima eta deabruen erromesaldia-

Txalo zaparrada galanta jaso zuen Sin señas particulares lanak Kursaalean. Fernanda Valadezen zinta, Horizontes Latinos sailean lehiatzen dena, hasieratik, kategoriako kuttunenetarikoa izan da, aurreko urtean hiriko Cine en construcción saria irabazi baitzuen.

Estatu Batuetako muga gurutzatzen saiatu duen semearen bila abiatzen da Magdalena, hura partitu eta bi hilabetera berririk jaso ez izanak arduratzen baitu. Bidean, Miguel izeneko gaztea ezagutzen du, AEBetatik deportatua izan eta gero, amaren bila abiatzen dena, etxera bueltan.

Mantsotasunez garatuz doa hasieran immigrazioari buruzko drama errealistaren tankera hartzen duen obra; Magdalenaren bidaiak aurrera egiten duen ahala, eremu ilunagotan murgilduz. Mexikoko paisaia ederren handitasunean zelatan, mehatxu ikusezina gero eta nabariagoa egiten doa. Semearen desagerpena eragin duen biolentziaren mamua gutxika-gutxika haragituz doa.

David Lynchen unibertsoan bezalaxe, badago filmean inoren lurra den eremua, Ongiaren eta Gaizkiaren gerra zelaia, non amesgaiztoek bizia baduten. Lazturak bere egindako paramo hori zeharkatzen du Magdalenak, bere etxeko lasaitasunarekin alderatuta erreala ez dirudien txokoa. Terrore horren guztiaren atzean, agure batek deabruaren aurpegia igarri egiten du. Elezahar krudelenak ere, alabaina, beti dira gizatiarrak.

Azkarra da oso Valadazen proposamena. Argumentua ez da gehiegi tematzen modu zuzenean lantzen immigrazioaren edo indarkeriaren auziak. Hala ere, istorio osoaren oinarri-oinarrian daude horiek; Magdalenak ematen duen pauso bakoitza errealitate bortitzak gidatutako da. Hala, Magdalena gertutik erakusten duten irudiek daukate pisu gehien, hondoan aurkitzen duguna baino.

Emakumeari begira, hura zeharkatzen  (eta larriki zauritzen) duten errealitate mingarri oro antzeman dezake ikusleak. Protagonistak gorpuzten du herri oso baten dolua, bere irudia eta bere bilaketa dira jazotzen denaren guztiaren testuinguru osoa.  Alde horretatik, bikain dago Mercedes Hernandez bere paperean, amaiezinak diruditen arrisku eta paisaia ezberdinetan, beti aurrera egiten duen  amari bizitza ematen.

Jasotako txalo bakoitza merezi du Sin señas particulares zintak. Drama klasikoaren parametroetara jotzeko beharrik gabe, film sentikorra sortzea lortzen du, hunkigarria izateagatik erro kritiko sendoen gainean hazteko aukera ukatzen ez duena. Den-dena azalduta ez emateko apustua positiboa da kasu honetan eta, emaitzak ikuslean hotzikarak sortzeko indar adina lortzen du.