Zuzendaria: Yoon Dan-bi
Urtea: 2020
Herrialdea: Hego Korea
Saila: PERLAK
Yoon Dan-bi zuzendari hego korearrak familiaren gaur egungo esanahia aztertzen du bere hirugarren film luzean, oso zorrotz aukeratutako une jakin batzuetan. Aditu batzuen ustez, Kore-eda Hirokazu maisu japoniarrak jorratu izan dituen gaiak eta estiloa antzematen dira emakumezko zuzendari gaztearen azken lan honetan. Rotterdameko Nazioarteko Zinemaldian (IFFR) Bright Future lehiaketa irabazi zuen film honek.
Gurasoen dibortzioaren ondoren, Okju, bere anaia txikia Dongju eta haien aita, beren apartamentutik irten eta haurren aitonaren etxera joan beharko dute. Aitonaren bizileku xumea nahiko desegokia den arren, aldi baterako aterpea eskaintzen dio familiari. Eskolako opor-garaian, haurrak etxean gelditu eta oso azkar zahartzen ari den aitona zaintzen duten bitartean, aita, dirua irabazteko, oinetakoak saltzen saiatuko da, arrakastarik gabe. Okjuren izeba ere aitonaren etxera joango da bizitzera, haurrak zaindu nahi dituela aitzakia jarrita, baina bera ere dibortziatzeko zorian jakingo da halako batean. Helduak itxurak mantentzeko plantak egiten gogor ari diren bitartean, Okju eta bere anaia, etxera eta etxeko kide berrietara egokitzen hasiko dira, poliki-poliki. Baina aitonaren osasun ahulak bi belaunaldi gazteagoak erabaki gogorrak hartzera behartuko ditu.
Nahiz eta pertsonaia protagonista jakin bat ez izan, istorioko une gehienak Okju nerabearen ikuspuntutik kontatuta daude. Okju nahiko neska burugogorra da, beti berearekin atera nahi duena, baina aldi berean, bihotz handia du eta bere familia asko maite du. Hain zuzen ere, familiako beste kideekin bizi dituen egoerak eta elkarrizketak dira pelikulako momentu esanguratsuenak.
Familiako izeba, berriz, giroa lasaitu eta pozten duena da, eta Okju eta Dongjurentzako bigarren ama bat bezala da. Halere, berehala geratzen da garbi berak arazoak dituela senarrarekin eta kezkatuta dagoela bere aitaren egoerarekin. Guzti hori bikain islatzen du antzezleak, bere pertsonaiaren alde alaiena eta ilunena ateratzeko gai izanik.
Yoon Dan-bi zuzendariak arazorik gabe aurkezten ditu pertsonaien akats handienak, bestela sinesgarritasuna galtzeko arriskua egon liteke eta. Bestalde, akats horiek dira batzuetan narratiba eraldatzeko erabiltzen diren elementuak, erabaki oker batzuek pertsonaien etorkizuna aldatzen dutela adieraziz.
Aitonaren pertsonaia ere kontakizuna aurrera eramateko beste modu bat da, izan ere, egoera askotan dago sartuta. Hau da, filmaren hasieratik bukaerara, beste pertsonaiak aitona zaintzen saiatzen ari dira, eta berarekin zer egingo duten erabaki nahian; horren ondorioz, arazoak sortzen dira aita eta alabaren artean.
Familiaren inguruko drama gordin honetan, gehien maite dituenak alboan izatera eta zaintzera gonbidatzen ditu ikusleak. Aktoreen lan esanguratsu eta hunkigarrien bitartez, pertsonaia bakoitzarekin bat egitea lortzen dute. Pelikularen erritmo geldoak ikusle asko uxatu ditzake, baina pazientzia izanez gero, kontakizun eder batez gozatzeko aukera dago.