Zuzendaria: Eliza Hittman
Urtea: 2020
Herrialdea: AEB
Saila: PERLAK
Abortuaren inguruan gutxitan kontatzen den istorioa garatzen du Eliza Hittman zuzendariak bere ibilbideko hirugarren film luzean. Kontaketa intimoa da, autodeterminazioaren inguruko aldarrikapena egiten duena, eta nerabe baten ikuspegitik aurkezten da. Sundance zinema-jaialdian aurkeztu zuten filma, 2020ko urtarrilean. Gainera, Urrezko Hartza eskuratzeko hautatua izan zen Berlingo 70. Nazioarteko Zinemaldiko lehiaketa sail nagusian, eta Zilarrezko Hartzaren Epaimahaiaren Sari Nagusia ere irabazi zuen.
17 urte besterik ez ditu Autumnek (Sidney Flanigan) eta haurdun dagoela jakin berri du. Gizarte-zerbitzuek ezin diote lagundu eta osasun-zentroan haurra adopzioan eman dezan proposatuko diote. Bestela, adin-nagusitasunera iritsi ez denez, bere estatuko legeak behartu egiten du gurasoen baimena eskatzera legez abortatzeko. Hori horrela, beste irtenbide baten bila abiatuko da gaztea, lagun eta lehengusu duen Skyler-en (Talia Ryde) laguntzarekin. Brooklyngo klinika bateko helbidea poltsikoan dutela, New Yorkera bidaiatuko dute Pennsylvaniako landa-eremuko bi neska nerabeek, Autumnen haurdunaldia etetera.
Sidney Flaniganek egiten du protagonistaren papera, eta bere lehen aktore lana izanda, errazagoa da pertsonaia sinesgarria iruditzea. Izan ere, ezezaguna denez, errealismoa irabazten du, ospeko aktore batekin lortzea zailagoa dena, badakigulako nor den. Gainera, Flaninganen antzezpena naturala, zintzoa eta hunkigarria da, eta nahiz eta ez oso hiztuna izan, bere pentsamenduak eta arazoak bikain adierazten ditu.
Taila Ryder da beste protagonista, eta nahiz eta ez bere lehen aktore lana izan, ez du paper esanguratsurik izan orain arte. Skyler, Autumnekin alderatuta, neska bihurriagoa eta askeagoa da, baina ez du bere lehengusua abandonatu nahi eta beti dago prest laguntzeko. Mutil batekin joaten denean ere, kezka adierazten du begirada hutsarekin, agian ez dagoelako seguru Autumn bakarrik utzi beharko lukeen.
Filmaren beste indargune nagusia, aipatutako antzezpenez gain, Hittmanen gidoia da, kontakizuna bera nahiko sinplea baita; hau da, zuzenean harira joaten da. Gidoiaren momentu esanguratsuena Autumnek doktoreetako batekin duen elkarrizketa da, oso gordina eta zirraragarria da eta. Nahiz eta lehenago hainbat pista egon, une honetan argitzen da protagonista bortxakeriaren biktima dela eta horrela gelditu zela haurdun.
Benetan interesgarriak dira Hittmanek abortatu nahi duen nerabe bati buruzko film bat sortzeko hartutako erabakiak, gaiak nahiko azaletik aztertu harren, sakontasuna nabaritzen delako. Bestalde, dena neska gazteen ikuspegitik dago kontatuta, eta horrek dakartzan arazoak ere islatzen dira; esaterako, gizon askok emakumeenganako duten botere nahi hori.
Aurretik izendatutako elementuez gain, zinematografiak ere asko laguntzen dio pelikularen errealismoari, nolabaiteko dokumental itxura emanez. Gainera, nahiz eta gaur egungo istorioa izan, 70eko hamarkadako estetika mantentzen du, filtro jakin bat erabiliz. Honi esker, balio artistikoa ere eskuratzen du, eta bisualki ederragoa eta aldi berean, ilunagoa bilakatzen da.
Orokorrean, Eliza Hittmanen azken obra errealismoz beteriko kontakizun gordin eta hunkigarria da, aktore berri eta bikain batzuek gidatutakoa. Nahiz eta istorioa bera oso xumea izan, oinarri sakona eta iluna du, eta edonork ulertu ditzake pertsonaien arazoak.